ABUZTU bukaera aldera, urtero izaten dira Portuko jaiak eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Aurten nobedadea dute gainera auzoan, arkupeak dituzten etxeen eta trenbidearen artean Udalak jolaserako parkea egin baitzuen, frontoi eta guzti. Frontoi horren inaugurazioa igandean egingo dute, goizeko 11:30etan, bi pelota partidurekin: Jon Urrebizkaia/Oier Garzia eta Paul Ojuel/Unai Alvarez. Hala ere, igandea iritsi aurretik, bide luzea egingo dute Portuko jaiek, ostiral eguerdian botako duten txupinazoarekin hasiko baita Portuko jaietako aurtengo karrera. Ostiraleko egitaraua, batez ere, haurrentzako antolatu dute. Goiz eta arratsaldean, puzgarriak, ohe elastikoa eta beste hainbat joko izango dira txikienentzat. Herri kirolak ere izango dira haientzat, 17:00etan. Iluntze aldera sardina jatea egingo dute, Portun ohitura den bezala, eta tripa bete ondoren Izotz-ekin dantza egiteko aukera izango da goizaldera arte.
Larunbatean, asto lasterketa eta errebista ikuskizuna
Larunbatean urtero jende mordoa biltzen duen asto lasterketa izango da, aurten 56garrena. Mozorrotuta aterako dira eta auzoari buelta ahalik eta azkarren egiten saiatuko dira, asto gainetik erori gabe. Larunbatean ere, goiz eta arratsalde, haurrentzako ekitaldiak izango dira: haur jokoak, zinta lasterketa, umeentzako tailerrak eta pailazoak. Gau partean errebista ikuskizuna izango da, bertan Portuko auzotarra den Manolo Ortiz eta bere lagunek, emakumez jantzita, musika, umore eta dantza ikuskizuna eskainiko dute. Iaz egin zuten emanaldia aurreneko aldiz eta arrakasta haundia lortu zutenez, aurtengo jaietarako ere errebista ikuskizuna prestatu dute. Jarraian, Laiotz-ekin dantzaldia izango da.
Igandean, euskal jaialdia
Igandean euskal jaialdia izango da Portun: pelota partiduak, sagardo dastaketa, bazkari herrikoia, Ttarla taldearen euskal dantza ikuskizuna eta herri kirolak izango baitira. Gauean Egan-ek jarriko die jaiei bukaerako ginda.
PORTUKO JAIETAKO EGITARAUA
Abuztuak 24, ostirala
10:00: Marrazki eta
pintura lehiaketa.
11:00: Haurren parkea,
13:00ak arte.
12:00: Jaien hasiera suziri,
buruhaundi eta txistulariekin.
13:00: Auzoko gazteek
egindako marrazkien erakusketa.
16:00: Haurren parkea,
19:00ak arte.
17:00: Herri kirolak umeentzako.
18:00: Lorontzi lehiaketa.
18:30: Haur jokoak.
19:00: Tute txapelketa ‘Pedro Mari’ tabernan.
20:30: XVII. Sardina jatea.
23:00: ‘Izotz’-ekin dantzaldia.
Abuztuak 25, larunbata
08:00: Egunsentia, suziriekin.
08:30: Batxuri zopa.
11:30: Haur jokoak.
13:00: Zinta lasterketa.
16:00: Mus txapelketa, ‘Shangay’ tabernan.
16:00: Umeentzako tailerrak.
18:00: LVI. Asto lasterketa.
Segidan: Patxin eta
potxin pailazoak.
00:00: Varietes-errebista
ikuskizuna. ‘Umorea,
amodioa eta fantasia’.
01:00: Dantzaldia,
‘Laiotz’ taldearekin.
Abuztuak 26, igandea
08:00: Egunsentia, suziriekin.
08:30: Txokolatada.
09:30: Diana.
11:00: Meza auzoan
hildakoen alde.
11:30: Banakako pelota
partiduakauzoko frontoia
inauguratzeko. Jon
Urretabizkaia-Oier Garzia.
Paul Ojuel-Unai Alvarez.
12:30: Sagardo probaketa,
trikitilariek lagunduta.
12:30: Toka eta bote txapelketa.
14:30: Bazkaria.
17:30: Hernaniko Ttarla
dantza taldearen emanaldia.
Ondoren: Herri kirolak. Iparraldeko jokuak; eta Ugarteburu eta Elorriaga
aizkolariak Landarbide
harrijasotzailearen aurka.
Ondoren: ‘Egan’
taldearekin dantzaldia.
00:00: Jaien amaiera ‘Egan’
taldearekin, zezen suzkoa eta azken traka.