Kiroldegiko ikastaroetan izen ematea gaur zabalduko da, bi ikastaro berrirekin

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 20a, 02:00

Iazko urteko errepikatzaileek izena emana dute dagoeneko eta gainerakoentzat zabalduko da gaur izen ematea. Iazko eskaintza bera eta ‘Indoor walking’ eta ‘Body pump’ ikastaro berriak daude eskaintzan.

datorren ikasturtean kiroldegiko ikastaroetan kirola egin nahi duenak gaurtik aurrera du izena emateko aukera, goizetik, kiroldegiko bulegoetan. Aurreko ikasturtean ibili direnek izan dute berriz ere izena emateko aukera eta berrientzat orain zabalduko da epe hori. Orain arteko ikastaro berak eta bi berri eskainiko ditu kiroldegiak: igerilekuak eskaintzen dituen ikastaro ugari; aerobika; spininga; mantenimendu gimnasia; pilates; karatea; hirugarren adina; eta aurten bi berri: indoor wolking eta body pump. Ikastaro berrietan eskaeraren araberako ordutegia jarriko dute.

Indor walking, sistema kardiobaskularrarentzat
Indoor walking ikastaro berriak iraupen eskiko mugimendua imitatzen du eta sistema kardiobaskular osoa lantzen da kirol aerobiko honetan. Spiningen antzera, musikak lagunduta, bakoitzak bere makinan eta taldean egiten den kirol hau, Europa iparraldean sortutakoa da. Gipuzkoan Hernanikoa izango da erreferentzia zentroa, oraindik beste inon ez baitute jarri. Kirol hau edonorentzako modukoa da, bai kirolean ohitua dagoen jendearentzat eta baita kirol gutxi egiten duenarentzat ere eta ´spining-eko intentsitate bera erabilita kaloria gehiago erretzen dira` irakaslearen hitzetan.

Body pump, gorputza moldeatzeko
Body pump ikastaroa ere taldean egiten da, eta musikak lagunduta pesak jasotzea da oinarria. Indarra eta erresistentzia muskularra lantzen dira ikastaro honetan, eta gorputza moldeatzeko balio du, besteak beste. Hernanin berria izango den arren, nahiko zabaldutako ikastaroa da.

Ordutegi aldaketa
Kiroldegia udako ordutegian zabaltzen dute abuztuan: astelehenetik ostiralera, 6:45-13:30. Irailetik aurrera iazko ordutegi bera izango du: astelehenetik ostiralera, 06:45-21:30 (igerilekua 21:00 arte); larunbatetan, 09:00-12:30 eta 16:00-19:30; eta igandetan, 09:00-12:30. Abonoen eta ikastaroen prezioak kiroldegian bertan edo interneten ere badaude www.hernani.net helbidean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!