«Ohorea da guretzat Nicanor Zabaletaren omenezko zikloan parte hartzea»

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 19a, 02:00

MUSIKA Hamabostaldiaren barruan, gaur Errenteriako Andra Mari abesbatzaren kontzertua izango da, Chillida Lekun. Haiekin batean izango dira Elisabeth Colard harpajolea eta Roberto Casado flautajolea. Gaurko emanaldiari buruz eta Jose Luis Ansorenak 1966 urtean sortutako abesbatza honi buruz hitz egin dugu Jose Manuel Tife zuzendariarekin. Kontzertua gaur 19:00etan izango da. Sarrerak bukatu dira.

Zer errepertorio prestatu duzue gaurko?
Chillida Lekuko aurtengo Musika Hamabostaldiko zikloa Nicanor Zabaleta harpajolearen omenez antolatu dute, bera jaio zela 100 urte beteko baitira aurten. Kontzertuak bi zati izango ditu. Aurrenekoan, Elisabeth Colard harpajole frantziarra eta Roberto Casado flautajolea ariko dira. Tartean, J. Guridi, J. Aranbarri eta G. Bizeten piezak joko dituzte. Guk kontzertuaren bigarren zatian egingo dugu emanaldia. Benjamin Brittenek 1942an idatzitako Gabonetako kantu batzuk interpretatuko ditugu. Obra hau nahiko bitxia da abesbatza eta harparentzat idatzi baitzuen, eta ez dago horrelako askorik. Aipatzekoa da, baita ere, abesbatzako emakumezko ahots taldeak abestuko duela. Musika ederra da eta jendeak gustoko izatea espero dut.

Nola antolatu duzu abesbatza gaurko emanaldirako?
Guztira 33 emakumezko izango dira, sopranoak, mezzo-sopranoak eta kontraltoak. Chillida Lekun abesteak ba al du xarma berezirik zuentzat? Musika Hamabostaldian, ni zuzendaria naizenetik (duela 14 urte), 13 alditan izan gara, baina ez dugu sekula Chillida Lekun kontzerturik izan. Azpimarratu nahi nuke kontzertu berezia izango dela guretzat, alde batetik, baserriak dituen berezitasun akustikoengatik, eta beste alde batetik, museoan izaten ari den Nicanor Zabaletaren omenaldian parte hartzea ohorea delako guretzat. Gaurko kontzerturako sarrerak bukatu egin dira. Bai bukatu egin dira, bai, uztaila hasiera aldera bukatu ziren. Nik uste dut, alde batetik, Chillida Lekuko aforoa mugatua delako gertatu dela, eta pena da, jendeak gustora entzuteko moduko kontzertua delako. Bestalde uste dut, abesbatzen kontzertuek gure artean arrakasta dutela eta jendeak gustora entzuten dituela.

Andra Mari abesbatza izeneko abesbatza da eta sari ugari lortu ditu. Zein da sekretua?
Abesbatza 1966an sortu zen, duela 40 urte pasa. Abesbatzak denbora asko darama lanean, lan zorrotza eta serioa egiten saiatu gara. Hori dedikazioarekin lortzen da. Astean hirutan entsaiatzen dugu, eta ez da erraza izaten, izan ere abesbatzako kideek badituzte egin beharrak, familia dela, lana dela, ikasketak direla... zaletasuna behar da. Hala ere, orkesta haundiekin kontzertuak eman ahal izatea, esaterako, sari bat da.

Abesbatzaz gain musika artxibo garrantzitsua ere baduzue, ezta?
Abesbatza Jose Luis Ansorenak sortu zuen 1966an. 1973an Musikaste izeneko musika astea sortu zuen, maiatzean izaten dena. Eresbil izeneko artxiboa ere sortu zuen aurrerago. Momentu honetan Euskal Herri mailako musika artxiboa da, 20.000 partitura baino gehiago biltzen dituena eta Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Diputazioa, Errenteriko Udala eta Andra Mari elkartea dira artxiboaren arduradunak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!