Askatasuna erakundea Hernaniko preso politikoen berri ematen ari da, hamabostean behin. Gaurkoan Fernando Alonso Abad Hernanin bizi izan den sestaoarraren berri eman du, Kronikara bidalitako oharrean.
1996an atxilotua
Fernando Alonso Abad 1996ko abuztuaren 17an atxilotu zuen Guardia Zibilak Hernaniko bere etxean, ETAko kide izatearen akusaziopean. Askatasunak azpimarratu du atxiloketa bortitza izan zela: ´goizeko ordu txikietan eta lo zegoela, poliziak, lehergailu bat erabilita, bere etxeko atea bertan behera bota zuen eta handik ordu batzuetara Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten. Bertan hiru egun luzez izan zen torturatua` azaldu du.
Espetxe ezberdinetan
Askatasunak Fernando Alonso Abad izan den espetxe ezberdinak aipatu ditu: Navalcarnero, Alcala Meco, Basauri, Mansilla eta gaur egun dagoen Villenako espetxea (Alacant). Villenako espetxean presoek erregimen berezia dutela azaldu du erakundeak, ´lau orduko patio denbora izaten dute eta euskal preso politikoak soilik egoten dira ordu hauetan. Gutunak jasotzeko murrizketa dute, astean hirukoa, eta oso berandu heltzen zaizkie, hiru astetara gutxi gorabehera. Bidaltzen dituzten gutunak, irekita entregatu behar dizkiete funtzionarioei. Bisitak jasotzeko ere murrizketa dago. Familiaz gain, baimendutako hamar lagunek soilik bisita dezakete eta zerrenda berritzeko aukera sei hilabetetik behin dute`. Horrekin batera azaldu du Fernando Alonso Hernanitik 800 km.-tara dagoela eta bisitan joateko bidai bakoitzaren kostua 130 eurokoa dela.