Harpa, flauta eta abesbatza kontzertua izango da igandean, Chillida Lekun

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 17a, 02:00

SARREREN salmentari dagokionez, arrakasta haundia izan du igandean Chillida Lekun izango den harpa, flauta eta abesbatza kontzertuak, izan ere salgai jarri diren 170 sarrerak bukatu egin dira dagoeneko. Sarrera erosteko aukera izan dutenek, Elisabeth Colard harpajole frantsesa, Roberto Casado flautista eta Errenteriko Andra Mari abesbatzaren emanaldia ikusteko aukera izango dute. Arratsaldeko 19:00etan, Chillida Lekun.

Kontzertuak bi zati
Igandeko kontzertuak bi zati izango ditu. Aurreneko zatian, Elisabeth Colard harpajolea eta Roberto Casado flautista izango dira. Tartean, J. Aranbarri, J. Guridi eta G. Bizeten obrak joko dituzte. Kontzertuaren bigarren zatian, Andra Mari Abesbatzako emakumezko kideekin osatutako taldea eta Elisabeth Colard harpajolea izango dira. Bigarren zati honetan, B. Brittenek harpa eta abesbatzetarako propio sortutako obra bat interpretatuko dute, Gabon abestien ingurukoa.

Nicanor Zabaletaren omenezko zikloa
Chillida Lekun, Musika Hamabostaldiaren barruan, igandero ari dira kontzertuak antolatzen, irailaren 2ra bitartean. Kontzertu zikloa hau Nicanor Zabaleta harpajolea gogoratzeko antolatu dute, jaio zela 100 urte bete baitira aurten. Hori dela eta kontzertu guztiek harpa izango dute protagonista. Abuztuaren 26an Aztiak Ganbara taldea izango da eta irailaren 2an, Andrew Lawrece-King.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!