Ur parkearen inguruko kejen aurrean ´ahal den neurrian erremedioa jartzen` saiatuko dela esan du Gobernu Taldeak

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 16a, 02:00

Irrist eginda izandako istripuengatik izan dira keja asko. Orain erremedio puntuala jarri eta denboraldi bukaeran zer neurri hartu aztertu beharko dela adierazi dute.

Mendi Mendiyaneko ur parkearen egoera dela,eta, keja asko ari dira jasotzen Udalean, Gobernu Taldeko kideek jakitera eman dutenez. Keja horietako asko jendeak irrist eginda izandako istripuengatik izan dira eta urgentzietan egindako istripu parte asko jaso dituzte. Horrez gain, garbitasun arazoengatik ere izan dira zenbait keja eta euria egitean sortzen den lokatzagatik ere zenbait erabiltzaile keja da, Gobernu Taldeko kideek Kronikari esan diotenez. Udal Gobernu Taldeak azpimarratu du ´aurreko legealdian egindako ur parkeak hobetu beharreko akats asko dituela` eta saiatuko direla orain erremedio puntualak jarri eta behin denboraldia bukatzean egoera hobetzeko zer egin litekeen ikusten.

Erremedio zailak
Oraingo arazoek erremedio zailak dituztela argi utzi dute Gobernu Taldeko arduradunek eta orain zenbait proba ari omen dira egiten eta denboraldia bukatzean obra haundi bat egitea aztertu beharko omen da. Jendeak irrist egiten duela-eta tratamendu bat eman zitzaion bere garaian lurrari, eta zaila da jakiten hori hobetu litekeen edo berez ur parke bat delako eta jende asko ibiltzen delako ote dauden hainbeste istripu. Bestalde, eguna bukatzerako aldagelak eta komunak oso zikin geratzen direla eta, arratsaldeko garbitasun ordua atzeratu egin dute, horrela eguna bukatzerako txukunxeago egoteko modua izateko.

Belar hazi berria
Ur parkeak duen beste arazo haundietako bat belardi edo zelaiaren egoera da, Udaletik Kronikari adierazi diotenez: ´denboraldi hasieran soil une haundiak zeuden eta belar hazi berria egin behar izan dugu, baina oso lur txarra dago, buztintsua, eta denboraldi bukaerarako Goroldiko arduradunekin ari gara zer erremedio jarri hizketan, zorua altxa, lur berria jarri edo zer egin litekeen ikusteko`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!