ARRAUN elkartea diru premian dabil bere jarduera finantziatu ahal izateko, hori dela eta bazkideak eta laguntzaileak egiteari ekingo dio irailean zehar, buru belarri. Horrela azaldu digute Xabier Zabala entrenatzaileak, Batis Larburu delegatuak, eta Xabier Zapiain diru kontuetaz arduratzen denak. Dagoeneko jarri dituzte bazkide egiteko orriak Aralar eta Oindi tabernetan, eta 20 euroren truke lortzen dute herritarrek bazkide txartela. Irailaren 1ean kalean jarriko dituzte bazkide egiteko mahaiak. Enpresetako laguntza bonoak ere jarri dituzte, 60 eurokoak, eta promoziorako elementuak diseinatu eta salmentan jartzeko asmoa ere badute, besteak beste, kamisetak.
Momentuz 131 bazkide
Momentuz, 131 bazkide egin dituzte eta 12 enpresen laguntza ere jaso dute. Hala ere, gogorazi dute 1995-1997 urteen artean 500 bazkide izan zituztela eta 60 enpresen laguntza jaso zutela. Udaletxea eta Kirol Patronatuak ere laguntza eman diete, arraun elkarteak antolatu beharreko estropada finantzatzen laguntzeko. Estropadaren kostua 10.000 eurokoa izan da eta bi erakundeen artean, 3.170 euro jaso dituzte. Arraun elkarteak adierazi du diru laguntza hau haunditzea beharrezkoa dutela.
36.000 euroko aurrekontua
Bukatzera doan denboraldi honetan elkarteak 36.000 euroko aurrekontua izan du, ´traineru guztien artean aurrekontu txikienetakoa` adierazi dute. Zifra horretara iristeko hala ere 3.000 euro falta zaizkie oraindik. Gastuak honakoak izan direla azaldu dute: furgoneta berria, arraun berriak, froga fisikoak, antolatu beharreko estropada, bitaminak eta garraioa.
Egoera zaila eta emaitzak
Taldeko arduradunek bukatzear dagoen denboraldiaren balorazioa egin dute. Orokorrean diote izan dituzten baldintzak izateko, nahiko emaitza onak lortu dituztela, izan ere, Hernaniko trainerua ACR-2-ko 4garren postuan geratu da, ACR 1 era igotzeko promoziotik postu batetara. Denboraldi honetan zehar izan dituzten lanerako baldintzak azaldu dituzte arduradunek: ´hiru lagun eta entrenatzailea bakarrik izan gara, tarteka beste bi lagun ere izan dira. Etxeko arraunlariak ere, gutxienez bost izan behar genituen estropada bakoitzean eta plantillan sei besterik ez ditugu izan, arraunlari batzuk estropada guztietan atera dira eta hori desgaste izugarria da`.
Kontxako estropada
Hernaniko trainerua Kontxako estropadako eliminatorian aterako da, datorren ostegunean. Elkarteko arduradunek azaldu dute gutxi gorabehera badakitela zein emaitza lortu dezaketen: ´Urki eta Hibaikarekin izan dezakegu pelea, baina Hibaika ez da aurkeztuko. Kontuan hartu behar da Galizia, Kantabria eta Bizkaiko onenak etorriko direla eta Gipuzkoako guztiak. Gure helburua izango da ahalik eta denborarik onena lortzea, baina uste dugu azken postuetan borrokan ibiliko garela Urkirekin. Hala ere ikusteko dago`.
Irailean arraun ikastaroak
Etxeko arraunlarien premia dela eta irailean arraun ikastaroak egin dituzte, debalde. Beste edozein herritako gazteek ere ateak zabalik izango dituzte. Irailaren 1ean hasi eta astebururo izango dira saioak, larunbatetan arratsaldeko 16:00etan eta igandetan goizeko 10:00etan, Elorrabin. Ikastaroa zabalik dago adin guztietarako neska-mutilentzat.
Ikastaroak direla eta arraun elkarteak dei egin diete garai batean arraunean ibilitakoei, haien laguntza beharrezkoa izango baita arraunlari berriak hezitzeko, batez ere. Beste edozein pertsonaren laguntza ere eskertuko dutela azaldu dute.
Nola lagundu arraun elkartea?
1) Arraunean hasi, entrenatzen, irailaren 1etik
aurrera astebururo izango diren ikastaroetan.
2) Laguntza fisikoa emanda.
3) Bazkide edo laguntzaile eginda, edo diru laguntza
emanda (Caja Rural 3008 017011 1458615125).
4) Udal edo sponsor laguntza bereziekin.
Harremanetarako:
669270481 edo xabier@hator.net