Peru Alfarok irabazi du Paseo Berriko igeriketa trabesia

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 16a, 02:00

Peru Alfarok irabazi zuen atzo 39garren Paseo Berriko igeriketa trabesia, Geronimo Esnal iazko txapeldun zarauztarrarekin esprint estuan sartu ondoren. Alfarok postu oso onak eginak zituen bai triatloian eta baita igeriketa trabesietan ere, baina atzokoa du lehen garaipena, entrenamenduetan egindako lanaren saria. Igerilari hernaniarra gustora zegoen atzo proba bukaeran eta orain abuztu bukaera arte suabe entrenatu eta irailean jai hartzeko asmoa du, datorren denboraldia berriz ere indarrean hasteko.

Bukaera estua
Alfarok iazko irabazleari segika hasi zuen proba eta biak eta logroñoar bat joan ziren lehen postuan bukaerara arte. Badiarako sarreran hirurak paraleloan ekin zioten proba bukaerari eta oso estua izan zen garaipena. Kontxarako sarreran hiru igerilariek hartu zuten olatu bat, baina jarraian zetorren beste olatu bat Peru Alfarok egokiago hartu zuen eta hor atera zizkien garaipena emango zioten metroak.

Itsaso zakarra
Groseko hondartzatik abiatzen da proba, eta Paseo Berrian barrena sartzen da badiara, Kontxan bukatzeko (3.000 metro inguru). Alfarok Kronikari esan dionez, oso itsaso txarrarekin egin behar izan zuten atzo igerian, bai Groseko irteeran eta baita Paseo Berri parean ere: ´nik inoiz ez dut hain itsaso txarrean igeri egin, ez probatan eta ezta entrenamenduetan ere`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!