Arantzadi elkarteak eta udalak sinatutako hitzarmen bat medio, Hernaniko natur ondarea aztertzen ari dira Iñaki Sanz Azkue biologo hernaniarra eta Ibai Olariaga botanikoa, Joserra Diez EHUko irakaslea eta Ekologia Saileko Doktorearen gidaritzapean. Urte hasieran hasi ziren lanean, eta urte bukaera ingururako bukatzea espero badute ere, lanaren nondik norakoak eta lehen ondorio batzuk azaldu dizkio Kronikari Sanzek.
Basoak, errekak eta heze-guneak
Natur ondarearen azterketa hau hiru ekosistema desberdinetan ari dira egiten Arantzadiko kideak: basoetan, erreketan eta heze-guneetan (putzu, turbera...). Erreka nagusienen fitxak egiten ari dira; basoetan, azterketa orokor batetik abiatu eta Hernaniko 10 baso garrantzitsuenetan zentratzen ari dira; eta heze-gune guztiak ari dira aztertzen, ezer gutxi dago eta. Berez lan luzea izan liteke hau Sanzen hitzetan, lehen ondorio batzuk emango ditu urte bukaera arteko honek, eta Udalari egoera hobetzeko zenbait gomendio emango dizkiote. Baina aurrera begira bide luzea izan lezake lanak, eman nahi zaion zehaztasun mailaren arabera.
Ekosistemaz ekosistema
Gain gainetik hau da ekosistema bakoitzean begiratzen dutena eta Hernaniko lehen argazkia:
Basoa: baso mota; zenbat egur hil dagoen erorita (larba, intsektu eta abarrentzat ona baita eta lurrarentzat ongarria); azalera eta isolatua ote dagoen; eta basopea nola dagoen aztertzen dute. Hernanin denetarik aurkitu dute eta baso batzuk uste baino hobeto: ´haritz eta pago mugarrotuak aurkitu ditugu Urruzonatik gorako basoetan eta hori aniztasun aldetik oso garrantzitsua da`. Hernanin basoaren erdia edo da pinua eta hainbeste urtean behin pinudi osoa botatzen den kasuetan basopea edo zoruaren egoera ez da oso ona, baina pinudi oso zaharren batzuk ere badaude eta hauetan oso bestelakoa da basopea. Lautik bat edo, berriz, baso mistoa da. Hemen ere desberdintasun haundiko basoak aurkitu dituzte: batzuk oso ondo daude, baina beste batzuetan sasi-akazia ari da nagusitzen beste arbola moten kalterako, erabat inbasorea baita. Arazo hau orokorra omen da ia Euskal Herri guztian.
Errekak: Erreka edo ibaien kasuan, ertza nola dagoen (soila, edo zer arbola dauden...); hemen ere egur hilik badagoen; eta nolako arroa duen aztertzen dute. Hernanin bi errealitate desberdin daude Sanzek nabarmendu duenez: Epeletik gorakoa, egoera onekoa; eta Epeletik beherakoa, oso degradatua. Arazoetako batzuk dira, erreka ertzean behar lukeen haltzaren ordez, platano, akazi eta abar daudela. Haltzak hostoa luzez botatzen du eta hau denbora luzeagoko elikagaia da inguruko faunarako. Horrez gain, arro oso malkarra duten leku batzuetan pinua dago inguruan, eta pinudi hauek botatzean mendi magala errekara erortzeko arrisku haundia dago eta honenbestez bertako ekosistema desagertzekoa. Epeletik behera, berriz, orokorrean ibaiak nahiko lekurik ez du beharra duenean zabaldu ahal izateko.
Heze-guneak: Hernanin ezer gutxi dago Arantzadiko biologoak nabarmendu duenez, eta nabarmenena Santa Barbarako lakua da. Jendeak arrai gorriak eta abar askatzen ditu bertan eta hauek sarraski haundia egiten dute.