San Markoseko zuzendaritza berriak erraustegirik gabeko hondakin gestioaren alde egin du

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 7a, 02:00

San Markos Mankomunitateak erraustegirik gabeko hondakin gestioaren alde egingo du, atzo bertan prentsaurrekoan azaldu zutenez. Ricardo Ortega San Markoseko zuzendari berria (Lasarte-Oriako EBko zinegotzia) eta Imanol Azpiroz zuzendaritza kidea (Usurbilgo EAE-ANVko zinegotzia) azaldu ziren prentsaurrean, San Markoseko zuzendaritza berriak proposatzen duen hondakinen gestioaren oinarriak azaltzeko. Aurreko legealditik aldaketa haundia izan du San Markosek proposatzen duen gestioak, EB-Aralar eta EAE-ANV erraustegiaren aurka azaldu baitira: ´azpiegitura haundi eta zentralizatuak proposatu beharrean, gestio ahalik eta gertuenekoa proposatzen dugu, Gipuzkoan konpostatze planta sare bat eraikita. Basura kopuru haundiek beti sortzen baitituzte arazoak, baita konpostajean ere` azaldu zuten.

Lau zutabe nagusi
Hauek dira basura edo hondakinen gestioan proposatzen dituzten zutabe nagusiak: - Hondakinak gutxitzea. Horretarako kontzientziatze kanpainaz gain neurri jakinak hartuta. - Ahal den guztia berrerabiltzea. - Birziklatzea. Gainerako materialak birziklatzeaz gain, Materia organikoa ahalik eta kopuru haundienean konpostatzea da gestio berriaren oinarrietako bat, eta horretarako atez ateko bilketaren alde azaldu dira ´konpostajearen kalitateak oso ona izan behar baitu gero konpost hori erabili ahal izateko. Ezin dugu beste zenbait tokietan egin den akatsa errepikatu eta bilketa sistema txarraren ondorioz konpost kaxkarra lortu`. - Geratzen den hondakin soberakina bertederoetara eraman, inertizatuta. Azpimarratu zuten, bertederoak beharko direla, baina orain arte baino askozaz basura gutxiago botatzeko, eta inertizatuta, oraingo bertederoetako usainen eta kontaminazioaren arazoak asko gutxituta. Horrez gain, argi utzi zuten inzinerazio sistemak hondakin toxikoak sortzen dituela ´eta oraindik ez digute esan nora botatzekoak zituzten`.

Soka luzea
Hondakinen gestioak zer bide hartuko duen ez dago batere garbi. Atzo ere antzeman zen hori, San Markoseko arduradunek emandako prentsaurrean kazetariek egindako galderetan. San Markoseko mankomunitateaz gain, Deba-Goienakoa ere erraustegiaren aurka azalduko da eta biek Gipuzkoako herritarren %53 biltzen dute. Kontsorzioan ordea (mankomunitateek eta Diputazioak osatutakoa), boto banaketak zer emaitza eman lezaken ez dago garbi (Diputazioak du %33, San Markosek %32 eta gainerako mankomunitateek %35) eta emaitza bat edo beste izan, Diputazioak eta mankomunitate bakoitzak zer erabaki hartuko duen ere ez. Konpetentzia borroka gogorra sortu liteke.

San Markos ixtea
San Markoseko bertederoa dagokion datatan itxiko ote den galdetuta baietz erantzun zuten bi kideek eta beraz aurten ixteko konpromezuari eutsi egin zioten. Gestio sistema berria indarrean jarri aurretik zaborrak Gipuzkoako beste mankomunitateetara bidaltzen jarraitu beharko du San Markosek, orduan ikusiko da hor ere zer iritzi aurkitzen duten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!