Nicanor Zabaleta harpajolearen omenezko zikloari hasiera emango dio gaur Frédérique Cambrelingek

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 12a, 02:00

Frédérique Cambreling harpajoleak emango dio hasiera gaur Chillida Lekuko Musika Hamabostaldiko kontzertuei. Aurtengoan harparen inguruko emanaldiak izango dira museoan dagoen Zabalaga baserrian entzun ahal izango direnak. Izan ere, zikloan. Donostian jaiotako Nicanor Zabaleta (1907-1990) harpajolea omenduko dute. Aurreneko emanaldi honetan Frédérique Cambreling harpajolea bakarka entzuteko aukera izango da A. Capelet, G.Taillere, C. Salzedo eta J. Guridiren obrak jotzen, beste batzuen artean. Frédérique Cambreling bakarka aritzeaz gain, Ensemble Intercontemporain taldean aritzen da eta Musikeneko irakaslea da. Kontzertua arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Sarrerak 10 euro balio du.

Datozen igandetan
Datozen igandetan, leku berean, honako kontzertuak entzun ahal izango dira: Elisabeth Colard, Roberto Casado eta Andra Mari koralaren emanaldia izango da, abuztuaren 19an; abuztuaren 26an, Aztiak ganbara taldearena; eta irailaren 2an, Andrew Lawrence Kingen txanda izango da.

Sarrerak
Kontzertuetarako sarrerak salgai daude Chillida Lekuko Kursaaleko takiletan, Servikutxan eta honako web gunean: www.kutxa.net.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!