«Etorkinentzako aholkularitza zerbitzua zabaldu nahi genuke, besteak beste, lan arloan»

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 10a, 02:00

AMHER-SoS arrazakeria elkarteak urte hasieran jarri zuen martxan etorkinentzako aholkularitza zerbitzua, zenbait gaien inguruan asesoramendua ematen duena, besteak beste. Dagoeneko 8 hilabete dira zerbitzua martxan dela eta AMHER elkarteko kide den Niko Elizondo eta AMHEReko kide eta langilea ere baden Alexandra Amelianekin hitz egin dugu, orain arteko lana baloratu eta hemendik aurrerako asmoen berri jakiteko.

Orain arteko lana
AMHERek eskaintzen duen zerbitzu hau urte hasieran jarri zen martxan Udalarekin egindako hitzarmen bat medio. Hitzarmen horren bidez AMHERek Alexandra kontratatu zuen, urte beteko kontratuarekin. Horrez gain, Transpakarren duten bulegoa 4 urtetarako eskuratu zuen. Orain arte, lan haundiena gehienbat kontsultei erantzuten izan dutela adierazi dute elkarteko kideek: ´kontsultei erantzuten izan dugu lan gehiena; neurri txikiagoan akonpainamendu zerbitzua. Egin dizkiguten kontsulta gehienak izan dira: paperen regularizazioaren ingurukoak, lan arlokoak, zerbitzu sozialei buruzkoak, etxibizitza eta lanean hasteko ikastaroei buruzkoak. Asesoramendu eske 100dik gora pertsonak jo dute AMHERera. Horrez gain, entitate ezberdinekin jarri dira harremanetan elkarlana egin eta denek norabide berean lan egiteko asmoarekin: Udala, Ongintza patronatua, Berriak, enpresak, Caritas, Heldu, Lanbide eta Gurutze Gorria, besteak beste.

Zerbitzua zabaltzeko nahia
Orain arte egindako lanaren balorazio positiboa egin du AMHERek eta hemendik aurrerako asesoramendu zerbitzua egokitu eta zabaltzeko beharra ere ikusten du: ´orain arte egindako lana mantendu nahi genuke eta aholkularitza zerbitzua zabaldu. Horretarako ezinbestekoa da Udalarekin dugun urtebeterako hitzarmena luzatzea eta Ongintzarekin dugun elkarlana indartzea` azaldu dute. Indartu nahi lituzketen arloen berri eman dute AMHEReko kideek: ´Lan munduari buruzko aholkularitza da zabaldu nahi genukeen arloetako bat, etorkin asko lanean ari dira eta ez dituzte beren eskubideak ezagutzen. Indartu nahi genukeen beste arlo bat da jendea animatzea edozein jokabide razista salatzera, horrekin batera biktimei babesa ere eman nahi genieke. Genero indarkeriaren gaia ere landu nahi genuke. Hala ere, ez genuke nahi genero indarkeria etorkinekin lotzerik, genero indarkeria pertsonen jatorriaren gainetik baitago`. Landu nahi lituzketen beste gai batzuk ere aipatu dituzte: hala nola, integrazioa errazte aldera hezkuntza eredua aztertzea; lanean hasteko maila duina duten heziketa zikloak eskaintzea etorkinei; eta adineko jendeaz arduratzeko dagoen langile premia eta etorkinen lan beharra koordinatzea. Azpimarratu dute lan hau beste hainbat entitaterekin elkarlanean egin beharrekoa dela eta honako helburuarekin: eskubide berdintasunaren alde egitea, eta gizarteko desberdintasunak gehien sufritzen dituzten pertsonen alde egitea.

AMHER elkarteak
antolatzen dituen ekintzak

AMHER elkarteak martxan daramazkien 4 urteetan ekintza ezberdinak antolatu ditu. Hona hemen horietako batzuk:
-Hitzaldiak Biterin eta ikastetxeetan.
-Nazioarteko gastronomia jaialdia.
-San Joanetako kultur
arteko kontzertuak.
-Aste kulturala.
-Kanpaina ezberdinak: gizarte eta instituzioetako arrazakeria; hegoaldeko muga; eta hauteskundeetan, etorkinen eskubide politikoak aldarrikatzeko egin zen boto zesioa.

Bulegoa, Transpakar (haur eskola zaharra): 943-336071 / 667710928

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!