Casino Kursaal buruz buruko txapelketako final hamaseirenak jokatuko dira gaur Galarretan, Bitoria eta Juaristiren artean. Jaialdia, ohi bezala, 16:00etan hasiko da, eta txapelketako partidua bigarrena izango da, 17:00ak aldera. Gaurko irabazlea final zortzirenetara pasako da, eta larunbatean, hilak 11, Altuna IIren kontra ariko da, Galarretan baita ere.
Gaztea eta beteranoa
Gaurko partiduan bi aurrelari neurtuko dira: gazte bat eta beterano bat. Batetik, Jon Juaristi 25 urteko zarauztarra eta bestetik, Xabier Bitoria, 35 urteko andoaindarra. Iaz, Bitoriak kanporatu zuen Juaristi, baina aurten lan zailagoa izango duela dirudi, gazte zarauztarrak txapelketa oso fuerte hasi baitu, lehen kanporaketan Iriarte 14an utzita. Bitoriak, bestalde, lehen kanporaketan indar haundiko beste gazte bat kanporatu zuen, Julen San Miguel hain zuzen ere.
Bikotea hirukotearen kontra ere bai
Casino Kursaal txapelketako kanporaketa ondoren, partidu berezia jokatuko da; bikotea hirukotearen kontra. Ezkurra-Etxeberria III eta Uterga-Zeberio II- Eizagirre izango dira elkarren aurka. Jaialdia Larrea-Aizpurua II/Matxin IV-Martinez I partiduarekin hasiko da, eta Urriza-Iriarte/Matxin III-Aizpuru izango da azken norgehiagoka.