Nola iritsi zara hiru taldetan bateria jotzera?
Betidanik gustatu izan zait perkusioa, eta tinbalak jotzen genituen lagun artean. Behin Egiako Ametsenea gaztetxean nengoela, duela pare bat urte-edo, Las Putass del Mistol taldeko Taniak esan zidan bateria gabe zeudela, eta, ezer jakin gabe, hasi egin nintzen jotzen. 2006ko apirilean eman genuen lehen kontzertua Pasai Antxon. Birracel-ekin ere kasualitatez hasi nintzen; hauek ere bateria gabe geratu ziren, eta lokal berean entsaiatzen genuenez, eskatu zidaten laguntzeko, eta taldean geratu naiz. Urtebete inguru daramakit. Aniarekin, berriz, Gazte Egunean entsaiatzen ari zela bateriarekin laguntzen hasi nintzen eta batera jotzen hastea erabaki genuen, Egoitz kitarrajolearekin.
Nola ikasi duzu jotzen? Egin al dituzu musika ikasketak?
Erritmo errazekin hasi nintzen eta ahal den gehien jotzen aurreratu dut. Asko ikasi dut beste baterijole batzuk ikusten, baita ere. Nik ez dut klaserik hartu; hori bai, 11 urte pasa ditut pianoa ikasten eta gero konturatu naiz ikasketa horrek asko eman ditela. Baina bateria, tinbalak eta panderoa jotzen bakarrik ikasi dut. Nire ustez, edozeinek ikasi dezake eta ez da irakaslerik behar. Klaseak hartuta, teknikoki hobea izango nintzateke ziurrenik baina...
Non entsaiatzen duzue?
Aniarekin Hernanin aritzen gara. Las putass del mistolekin eta Birracelekin Lezoko lokal batean, talde gehiagorekin banatuta, alokairuan, merkeago ateratzeko.
Ze proiektu dituzue epe motzean?
Las putass-ekin abesti batzuk grabatzeko asmoa daukagu irailean eta gero agian Londresera joango gara jotzera, gure abeslari Taniaren bitartez. Horrez gain, datorren ostegunean, abuztuak 16, Goizuetako gaztetxean joko dugu, Leitzako Derrame Baginal taldearekin. Birracel-ekin ahal dena egiten dugu, hiru kideok beste talde batzuetan gabiltza eta. Aniarekin, abesti berriak sartzeko asmoa dugu, eta kaja flamenkoa ikasi nahi dut, flamenko bertsioak sartzeko. Hiru taldeetan jarraitzeko asmoa dut, ahal dudan bitartean.
Batzuk diote punk musika jotzeko ez dela asko jakin behar. Zer iritzi duzu zuk?
Niri ez zait ondo iruditzen punk musika sinpletasunarekin parekatzea. Punk musikaren barruan, ez dira denak berdinak, eta batzuk musika landuagoa egiten dute. Kontua ez dago ondo edo gaizki jotzean; ilusioa eta gogoa jarriz gero, hori transmititzen diozu jendeari. Niretzat hori da garrantzitsuena, baterijolearen kalitatearen gainetik.
Ze musika gustatzen zaizu zuri gehien?
Niri 80 garren hamarkadako punk musika gustatzen zait gehiena. Uste dut asko eragin digula denoi. Baina beste estilo asko ere gustokoak ditut, esaterako, flamenkoa. Etorkizunean estilo ezberdinak jo ahal izatea gustatuko litzaidake.
Zer da musikak eman dizun onena orain arte?
Oso pozik sentitzen naiz jotzeko aukera izatearekin soilik. Lokal bat eta musika tresnak edukitzearekin bakarrik disfrutatzen dugu. Aukera hori ez dute denek izaten. Hortik aurrera, leku ezberdinak ezagutzeko aukera ematen dit musikak, batez ere tabernak eta gaztetxeak... hobeto oraindik.
Gazteak eta musika Hernanin, nola ikusten dituzu?
Ondo, gero eta talde gehiago sortzen ari dira, bai punk-ak eta bai bestelakoak, eta mugimendu polit bat ari da sortzen. Gazteak indarrez datoz, jotzeko gogoarekin, eta hori oso ondo dago.