Oier Mendizabal pelotari hernaniarrak hitzordua du frontoian berriro, gaurkoan Gasteizeko Ogetan. 22:15etatik aurrera, Agirrerekin batera, Berasaluze IX-Nalda IIIren kontra neurtuko da. Hasieran 22:00etan hastekoa zen partidua, baina ordu laurden atzeratu da hasiera, Asegarce enpresak jakinarazi duenez.
Udaran partidu asko eta emaitza onak
Partiduz betetako udara daramaki Mendizabal IIk eta gaurkoa hamargarren partidua izango da, San Joanetako jaialdian parte hartu zuenetik. Orduan galdu egin zuen Olaizola IIa lagun zuela, Unanue-Belokiren kontra, baina ordutik bi porrot besterik ez ditu jaso eta gainontzeko partiduak irabazi egin ditu, jarraian gainera. Emaitza hauei esker, atzelari hernaniarra 15garren postuan da Asegarceko pelotarien sailkapen orokorrean, 1.401 punturekin. Olaizola II dijoa aurrena, destakatua, 5.940 punturekin eta bigarren Beloki dago, 3.677 punturekin.
Titin III-Pascual/ Xala-Goñi III, ondoren
Jaialdiko bigarren partidua Andra Mari Zuria txapelketako finala izango da, Titin III-Pascual eta Xala-Goñi IIIren artean. Bikote hauek Olaizola II-Zearra eta Bengoetxea VI-Beloki utzi dituzte kanpoan. Hirugarren partidua ere izango da: Olaizola I-Begino/Capellan-Lasa III.