DONOSTIAKO Musika Hamabostaldia hasi zen astelehenean eta irailaren 4ra bitartean Donostia eta Hernani aldean estilo eta garai ezberdinetako musika entzuteko aukera izango da, zuzenean. Hernanin, Chillida Leku museoan izango dira kontzertuak, datorren igandean hasi eta astero izango dira, irailaren 2ra bitartean. Chillida Lekun izango diren kontzertuek harpa izango dute protagonista, beraz harparen inguruko errepertorio zabala ezagutzeko aukera izango da, harparen hasieratik gaur eguneraino. Harparen inguruko kontzertu hauek antolatu dituzte Nicanor Zabaleta harpajole famatua omentzeko. Harparen inguruko programazio honetan, abuztuaren 12an Frédérique Cambreling bakarlaria izango da. Abuztuaren 19an, Elisabeth Colard harpajolea, Roberto Casado flautista eta Andra Mari Korala izango dira. Abuztuaren 26an, Aztiak Ganbara Taldea izango da, Gabriel Loidiren zuzendaritzapean. Chillida Lekuko azkeneko kontzertuan, irailaren 2an, Andrew Lawrence-King harpajole eta zuzendaria izango da. Kontzertu guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira.
Punta puntako musikariak
Etxetik oso kilometro gutxitara punta-puntako harpajoleak entzuteko aukera izango da igandero, Chillida Lekun. Datorren igandean, Frédérique Cambreling izango da bakarlari lanetan. Bakarlari moduan aritzeaz gain Ensemble Intercontemporain taldean ere aritzen da gaur egun eta Musikeneko irakaslea ere bada. Harpa ikasketak Frantzian burutu zituen eta ordutik hainbat taldetan aritu da: Frantziako Orkestra Nazionala, Bruselako La Monnaie Orkestran, Norvegiako Ganbara Orkestran, Frantziako Irratiko Filarmonikoan eta Lyongo Operan, besteak beste. Abuztuaren 19an, Elisabeth Colard harpajole frantziarra eta Musikeneko irakaslea; Iruñako Roberto Casado flautista eta Errenteriako Andra Mari Abesbatza izango dira. Abuztuaren 26an, Aztiak Ganbara taldea izango da, musikari gazte eta profesionalek osatzen dutena. Musika Hamabostaldiko hau izango da beren ibilbideko aurreneko kontzertua. Harpa, txirula, klarinetea eta biolinak osatutako taldea da eta Gabriel Loidiren ikasleak izaki, haren zuzendaritzapean joko dute. Musika Hamabostaldiak museoan izango duen azken kontzertuan Andrew Lawrence King zuzendaria izango da. Harpa bakarlari irudimentsua da eta munduko artista garrantzitsuenetarikoa da Antzinako Musikaren barruan.
Sarrerak
Kontzertu hauetarako eta Musika Hamabostaldiko gainontzeko kontzertuetarako sarrerak Kursaaleko takiletan, Servikutxan (943 00 12 00) eta www.kutxa.net web orrialdean erosi daitezke. Chillida Lekuko kontzertuetarako sarrerak museoan ere eskura daitezke. Prezioa: 10 euro.
Chillida Lekuko egitaraua
ABUZTUAK 2
-Frédérique Cambreling, harpa.
ABUZTUAK 19
-Elisabeth Corald, harpa.
-Roberto Casado, flauta.
-Andra Mari Korala.
ABUZTUAK 26
-Aztiak Ganbara taldea.
-Gabriel Loidi, zuzendari artistikoa.
IRAILAK 2
-Andrew Lawrence King, harpa.
Gaurko kontzertuak
MUSIKA Hamabostaldiaren barruan kontzertuak izango dira gaur Donostiko gune ezberdinetan. The Tallis Scholars izango da batetik, Santa Teresa Komentuan, 18:00etan. Bestetik, José Manuel Azkue izango da, 20:00etan, Koruko Andra Mariaren Basilikan (debalde). Gaurko azken kontzertua eskainiko dute Oroith Abesbatza, Hodeiertz Abesbatza, Alos Quartet, Ana Otxoa sopranoa, David Azurza kontratenorra, Jon Etxabe tenorra, Karim Diaz tenorra eta Jagoba Fadrike baritonoak. Arratsaldeko 20:30etan Getariko Salbatore Elizan.