Tarteka berotu arren, giro freskoa nagusi aurtengo udan

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 7a, 02:00

Abuztua hasi zenetik eguzkiaren presentzia haundiago izan den arren, Ereñotzuko meteorologi gunean bildutako datuek orain arte udara freskoa izan dugula diote. Tenperaturaren batazbestekoa ez da 20 Cº-tara ailegatzen, eta ekaina eta uztaileko egun gehienetan euria egin du. Azken finean, eguraldi aldakorra izaten ari garela esan daiteke, eta joan den asteburuan izan dugu adibide garbiena: larunbatean egun eguzkitsua atera zen, igandean guztiz lainotu, eta atzo berriz ere euria bota zuen. Batzuen esanetan, eguraldi hau da Hernani eta inguruko udara tipikoa. Beste batzuk berriz, (oporretan daudenak bereziki) eguzki eske dabiltza.

20 gradutik behera
Ekainean eta uztailean 20 ºC azpiko bataz bestekoak izan ditugu; ekainean 17,26 ºC -koa izan da media eta uztailean 18,6ºC-koa , pixka bat altuxeagoa. Nabari da, dena den, tenperatura igotzen ari dela; uztaileko azken astean, esaterako, 19,7 ºC izan ditugu bataz beste. Maximo altuena 33,4 ºC izan da, uztailaren 15ean, 13:20etan hartua, eta minimo baxuena, berriz, ekainaren 28an hartu zen, goizeko 05:00etan (9,1 0C). Batazbesteko altuenak uztailaren 14 eta 15ean izan ditugu (23,7 0C) eta 25 0C)). Asteburu hartan bero zakarra izan genuen.

Euria maiz, baina ur askorik ez
Ekaineko eta uztaileko egun gehienetan euria egin du, hain zuzen hemezortzina egunetan. Zaparrada haundiak gutxitan bota ditu hala ere; ekainean 59,6 litro jaso ziren m2-ko eta horietatik 39,6 lau egunetan bildu ziren. Hilaren 9a izan zen egun bustiena 12,7 litro botata. Uztailean euri gutxiago bota du; 50,7 litro. Uztailaren 19a bereziki bustia izan zen, 12,4 litro jaso ziren m2-ko. Azken astean 0,2 litro besterik ez zituen bota.

Datutan
-Ekaineko eta uztaileko bataz bestekoa: 17,93 0C
-Ekaineko eta uztaileko euri kopurua: 110,3 l./m2
-Tenperatura maximoa:
33,4 0C (uztailak 15)
-Tenperatura minimoa:
9,1 0C (ekainak 28)
-Egun euritsuena:
ekainaren 9a (12,6 l/m2)
-Uztaileko azken astean
0,2 l./m2 bakarrik bota zituen

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!