«Telesaileko Ainhoa baino arduratsuagoa naiz, hala ere, biak gara baikor eta alaiak»

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 7a, 02:00

Zer moduzko harrera izan du ‘Mi querido Klikowsky’ telesailak?
Ona, oso pozik gaude. Hasieran 8 kapitulu emitititu ziren telebistan, harrera ona izan zuten eta lehendabiziko denboraldia osatzeko falta ziren beste 5 kapituluak jarri eta pixkanaka ikusleak telesailaren trama eta pertsonajeak ezagutu zituen. ETBk espero zuena bete zen eta aurrera jarraitu genuen. Irailetik urte bukaera arte 5garren denboraldiko kapituluak grabatuko ditugu.

Zein pertsonaje antzezten duzu? Antzik ba al du zurekin?
Nik uste dut ni neu arduratsuagoa naizela Ainhoa baino eta bere orrazkerak ez nituzke erabiliko. Hala ere, zenbait gauzetan badugu antzik: biak gara nahiko baikor eta alaiak, pixka bat eroak ere bai. Eroso sentitzen naiz Ainhoarena egiten, frogetan ez nuen zailtasun berezirik sentitu, nahiko azkar harrapatu nuen. Agian izango da nigandik oso urrun ez dagoelako.

Beste projekturen batean ba al zabiltza?
Bai, Walt Disney me jodio la vida izeneko antzezlanean ere ari naiz aktore lanetan. Gurutze Beitia, Maribel Salas, Sol Maguna, Gema Martinez eta ni neu gara obrako aktoreak. Zuzendaria Gorka Aginagalde da. Antzerkian biltzen dira Txanogorritxu, Loti Ederra, Edurne Zuri eta Alizia. Ipuien munduaz nazkatuta errealitatera salto egitea erabakitzen dute bakoitzak bere aldetik. Urte batzuen ondoren topo egin eta haien bizimoduaz gogoeta egingo dute. Nik Loti Ederrarena egiten dut. Printzipe urdinaz nazka- nazka eginda dago, izan ere, ez du berarekin ezer ere egin nahi eta pedante hutsa da. Loti ederrak narkolepsia du, edozein momentutan lo har dezake. Mundu errealean aktorea da, baina nahiz eta berak uste oso ona dela, oso txarra da. Berak diva bat dela uste du.

Nola hasi zinen antzerkiaren munduan eta zein izan da zure ibilbidea?
1997tik 2000 urte bitartean Madrilen antzerkia ikasi nuen. Ikasketak bukatuta hona bueltatzea erabaki nuen. Hasierako urteetan ez nuen antzerki munduan lan askorik egin. Ondoren, 2002-2003 aldera, La gran Evasion programan hartu nuen parte. Ondoren telesailerako hartu ninduten eta oraindik ere bertan ari naiz. Orain lanean ari naizen antzerkiko zenbait pertsona lehenagotik ezagutzen nituen eta obrarako nirekin gogoratu ziren. Esan daiteke antzerkiaz bizitzen duela bi urte hasi nintzela. Baina ezin da esan beti horrela izango denik, jende gutxi dago denbora guztian antzerkian erabat lanean ari dena. Zenbait laburmetraietan ere hartu dut parte: Buenas Noches Papá izenekoan esate baterako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!