Nola animatu zineten programa honetan parte hartzera?
Txomin eta Ione: Orioko koadrillako lagun batzuk bazuten Ukraniako haur bat etxean, eta haiekin joan ginen Txernobilera aste santutako oporraldi batean, programa daramakien ONGak antolatuta (Txernobilen Lagunak). Bertan, ikusi genuen umeek handik atera beharra dutela, batez ere uda aldean, radioaktibitateak eta hautsak gora egiten du eta. Aire garbia arnastea eta ondo jatea oso garrantzitsua da beraientzat, mesede haundia egiten die.
Nabaritu al du osasunean alderik?
Bai, batez ere aurreneko urtean. Etorri zenean gaixo aurpegia zuen, aurreko negua ezin pasata ibili zen eta arnasteko arazoak zituen. Handik kanpo pasa zituen aurreneko bi hilabete horietan asko hobetu zen.
Noiz etorri zen Hernanira eta zer plan duzue bi hilabete hauetarako?
Igor: Seigarren hilabeteko (ekaina) 23garren egunean etorri nintzen. Hasierako egunetan triste xamar ibili nintzen, etxekoak botatzen nituen faltan. Gero San Joanetan ibili nintzen eta uztailean udaleku irekietan. Orain Menorkara eta Benidormera goaz oporretara. Hernanin pasako ditut azkeneko egunak itzuli aurretik.
Bertan izan zinetenean, Ukranian, zer ikusi zenuten?
Txomin eta Ione: Radioaktibitatea ezin da ikusi, baina han dago. Leku batzuetan ezin da bizi. Istripua gertatu zenean, eremu batean sartzea debekatu zuten, baina urteak pasa ahala jendea itzuli egin da, ez dute nora joanik. Haurrak 6 urtetik aurrera handik ateratzen saiatzen dira uda partean, negua hobeto pasatzen dute uda handik kanpo pasatzen badute, defentsak indartu egiten zaizkie. Hala ere, ume asko bertan geratzen dira. Ukraniako haurrak, ez dute Saharako haurrek bizi duten pobrezia bizi, Ukranian badituzte gauzak, baina dena kutsatuta dago. Bertako gobernuak haurrei bazkaria egunero ematen die.
Zer esango zeniokete jendeari programa honetan parte hartzera animatzeko?
Txomin eta Ione: Udaran haur bat etxean izatea beti da lotura, baina ez gara konturatu ere egiten bi hilabete horietan zein on egin diezaiokegun haur bati. Izugarrizko aldea egiten dute etortze hutsarekin, ondo jan eta aire garbia arnastearekin. Osakidetzako txartela ere ateratzen die ONGak eta medikuetara joaten dira azterketak egitera.