Askatasuna erakundea Hernaniko preso politikoen egoera azaltzen ari da, hamabostean behin. Gaurkoan Oihane Bakedano Maidagan presoaren egoeraren berri eman du Kronikara bidalitako prentsa oharrean.
2002an atxilotu zuten eta bost egun egin zituen inkomunikatua
Oihane Bakedano 2002ko irailaren 28an atxilotu zuen Guardia Zibilak Donostiako Egia Auzoan, ETAko kide izatearen akusaziopean. Bost egunez eduki zuten inkomunikatua eta torturak salatu ondoren espetxeratu zuten Soto del Realen urriaren 3an, Askatasunak gogoratu duenez. Bakedano Soto del Real eta Brieva espetxeetan egon da orain artean.
Zenbait borrokaldi
´Espetxeratuta daramazkien bost urte hauetan hainbat borrokaldi burutu ditu Bakedanok, horien artean barauak, enkarteladak e.a...` Askatasuna erakundeak azpimarratu duenez.
Brievan, zenbait murrizketa
Prentsa oharrean, Askatasuna erakundeak honela salatu du Brieva espetxean Bakedanok bizi duen egoera: ´gaur egun dagoen espetxean, Brievan, hainbat murrizketa jasan behar izaten ditu. Batetik, bere zuzenbideko ikasketak ezin izan ditu burutu, materiala eskuratzeko oztopoak ugariak direlako. Bestetik, telefono deiak murriztuak ditu eta zer esanik ez eskutitzak, astean hiru eskutitz bidal ditzake, eta esan beharra dago, nahiz eta eskutitz guztiak jaso, horiek danak interbenituak daudela. Egunak dituen 24 orduetatik 21 ziegan pasatzen ditu. Afizio asko izan arren ez du tailerrik burutzeko aukerarik`.
Euskal Herritik urrun
Gaur egun Brieva espetxean dago Bakedano, 483 kilometrotara. ´Oihaneren senide eta lagunek astebururo 483 kilometro egin behar dituzte berarekin minutu goxo batzuk gozatzeko, eta guztira 90 euroko gastua du bidaiak` Askatasunak nabarmendu duenez.