Udaleko batzordeetako arduradunak zehaztuak ditu Gobernu Taldeak

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 4a, 02:00

Berez, erabakia irailean hartuko den arren, dagoeneko bakoitza bere alorrean lanean ari dela eman du jakitera Gobernu Taldeak. Jendeak edozein kontsulta egin nahi badu abuztuan ere aukera baduela eman dute jakitera.

Joan den maiatzean izan ziren Udal hauteskundeak eta orduz gero, Gobernu Talde berria lanean da eta Udal antolamenduari buruzko zenbait azalpen eman ditu. Batzorde buruak nortzuk izango diren irailean erabakiko dute, baina dagoeneko zehaztuak daude eta dagokien batzordean lanean, Gobernu Taldeak berak jakitera eman duenez. Herritarrek kontsultak egin edo edozein duda argitzeko aukera izan dezaten batzorde bakoitzeko arduraduna nor den jakitera eman du Gobernu Taldeak, eta azpimarratu dute abuztuan lanean ari direla eta nahi duenak ateak zabalik dituela Udalean. Batzorde gehienak beren osoan izango dute buru bat, baina badira batzuk, aurreko legealditik elkartu egin dituztenak, eta horietan atal bakoitzak izango du bere burua, euskera, kultura eta hezkuntza batzordeak kasu. Dagoeneko zehaztuta eta erabakita daudenak Patronatuetako buruak dira, Izaskun Ezeiza Ongintzakoa eta Izaskun Txintxurreta kiroletakoa.

Tokiko Gobernu Batzarrak kide bat gehiago

Tokiko Gobernu Batzarra lau kidez osatu beharrean bosgarren bat ere izango du. Marian Beitialarrangoitia, Jose Ignacio Arrieta, Idurre Lukas eta Usoa Barrutiabengoaz gain, Unai Erroizenea ere izango da Tokiko Gobernu Batzarretan.

Auzo elkarteekin harremanetan

Gobernu Taldeak azpimarratu du, auzo elkarteei karta bat bidali ziela, berek zituzten eskaerak bidaltzeko deia eginez. Dagoeneko eskariak jaso ditu Udalak eta aztertzen ari omen dira guztiak. Irailean jarriko dira berriz ere harremanetan auzo elkarteekin.

Udalak Jaurlaritzarekin bilera eskatzekoa du AHTari buruz informazioa biltzeko

Azkenaldian Abiadura Handiko Trenaren inguruan izan diren mugimenduak direla-eta, Hernaniko zenbait baserritar udalera joan da ibilbidearen inguruko informazio eske. Marian Beitialarrangoitia Alkateak adierazi duenez, 2003ko informazioa da Udalean dagoena ´eta ez dakigu oraingo proiektuak Hernaniri ziur nola eragiten dion`. Gobernu Taldeak AHTaren aurka dagoela azpimarratu du, baina herritarrei informazioa eman ahal izateko, udaletxean egitasmoaren ibilbidea eta nondik norakoen inguruko materiala behar duela jakinarazi du. Jaurlaritzarekin bilera eskatzekoak dira informazioa biltzeko.

Batzorde buruak

Hirigintza Batzordea: Marian Beitialarrangoitia.

Herri lan eta zerbitzuetako batzordea: Unai Erroizenea.

Politika Soziala; Hezkuntza; eta Hernani 2020 Batzordeak: Usoa Barrutiabengoa. 

Euskara; Presoen Batzordeak: Idurre Lukas.

Kultura; Parte Hartze Batzordeak: Juan Ignacio Arrieta.

Pertsonal Batzordea: Marian Beitialarrangoitia.

Ogasun Batzordea: Juan Karlos Plazaola.

Patronatu buruak

Ongintza Patronatua: Izaskun Ezeiza.

Kirol Patronatua: Izaskun Txintxurreta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!