Senior taldearekin batera, kadete mailako neskek hasi dute denboraldi berrirako prestakuntza. Aurten entrenatzaile berriaren agindupean eman dituzte lehen pausoak gainera, azken urteotan taldea gidatutako Markos Trejok utzi egin behar izan baitu.
Entrenatzaile berria: Aritz Arregi
Aritz Arregi 19 urteko hernaniarra izango da 2007-08 denboraldian kadete taldeko entrenatzailea. Añorgako jokalaria joan den denboraldira arte, futbola utzi berri du eta entrenatzaile lanetan ariko da Zubipen aurten. Lan hau ez da berria izango, ordea, Arregirentzat, Urumea eta Elizatxo ikastoletako infantilekin koordinadore lanetan ibilia baita. Horrez gain, 1. maila erregionaleko epailea ere bada. Futbolari lotutako bizimodua bada, Osiñaga auzoko gaztearena.
Jokalari gehienak berriak
Plantilak ere izango ditu berrikuntzak aurtengoan. Iaztik hiruzpalau jokalari besterik ez dira geratuko taldean eta gainontzekoak berriak izango dira: ´Bi urtera begira egin ahal izango dut taldea, sartuko direnak kadete mailako lehen urtekoak izango baitira` dio Arregik. Oraingoz 28 jokalari dauzka talderako eta ahal den heinean, ez du inor kanpoan utzi nahi: ´Nire asmoa da beste talde bat egitea futbol-8an, filial moduan. Fitxa aldetik nola egin daitekeen begiratzen ari gara`.