Hilabete inguru geratzen da denboraldi berria hasteko eta CD Hernaniko talde batzuk hasi dira Zubipen berriz ere sasoian jartzen. Herenegun Emakumezkoen ligako taldeak egin zuen lehen entrenamendua, eta bost bat asteko aurredenboraldia dute aurretik.
Astean lau saio hasieran
Aurredenboraldiko lehen asteetan lau saio egingo dituzte eta arlo fisikoa lantzea izango dute helburua. Gorengo mailako prestatzailea den Jon Aristizabalek eratutako plangintza erabiliko dute horretarako. ´Aurten astebete lehenago hasi gara, azken astean baloiaren erabilera gehiago lantzeko asmoarekin` dio Jon Zabaleta entrenatzaileak ´baina ez dugu gauza haundirik aldatuko, iaz ondo ibili bait ginen fisikoki`. Lehen testa bihar zortzi izango dute, Zarautzen kontra Zarautzen.
Taldeak iazko oinarria mantenduko du
Aurreko denboraldikoa baina plantila zabalagoa izateko aukera izango dute entrenatzaileek, jokalari batzuk utzi egin duten arren: ´20 jokalarietatik hiruk utzi dute, baina zortzi bat igoko dira kadete mailatik. Guk hiru jokalari ekartzeko asmoa dugu, bi Hernanin aritutakoak eta Olaia jokalari ohia bueltatu egin da`. Baina gehiegi ere izan daitezkeela dirudi eta hala dio misterrak: ´saiatuko gara denak hartzen, baina ezin bada, taldea bilatuko diegu kanpoan geratzen direnei`. Iraila hasieran erabakiko dute entrenatzaileek zenbat fitxa bete eta zein jokalarirekin. Zabaleta seguru dago aurten talde hobea eta landuagoaizango dutela: ´iaz taldea egitea tokatu zitzaigun, baina aurten oinarria egina dago eta denok ezagutzen dugu elkar`. Beste talde batzuk arrantza egiten saiatu dira Zubipen eta lauzpabost jokalarik alde egiteko eskaintzak izan dituzte. Hala ere, 07-08 denboraldian ´zerbait garrantzitsua` egiteko esperantzarekin, gelditzea erabaki dute. Entrenatzaile postuan ez da aldaketarik izango eta Jon Zabaletak eta Iñaki Lopezek jarraituko dute, beharbada laguntzaile berri batekin.