LANGABEZIAK behera egin du zertxobait herrian, hori adierazten dute INEMeko datu estadistikoek. 2007ko ekainekoak dira INEMek publiko egin dituen azken datuak eta fetxa horretan 709 langabetu zeudela diote. Iaz, ekainean 755 langabetu zeuden herrian eta 2005ean 762. Azken urteetako langabetu gehien 2006ko martxo aldera erregistratu zen, 831.
Emakumezkoak gehiago
2007ko ekaineko datuetan ere gizonezko baino emakumezko gehiago dira langabezian daudenak, 468 emakumezko guztira (gizonezkoak 241). Emakumezkoen artean 45 urte eta gehiagokoak dira gehienak, 240. Eskema hau errepikatzen da 2005etik honako hilabete guztietan. Lan sektore ezberdinak kontutan hartuta nabarmena da zerbitzu sektorean dagoela langabetu gehien. 2007ko ekainean sektore horretan 462 langabetu zeuden. Beste sektoreetako datuek honako hauek dira: nekazaritzan 4; industrian 152 eta eraikuntzan 44. Urteko hilabete ezberdinei erreparatuta ere zerbitzu sektoreak du langabetu gehien.
Aldi baterako kontratuak
INEMek 2007ko ekainean 545 lan kontratu erregistratu ditu Hernanin. Horietatik ia denak aldi baterako kontratuak izan dira: 501. Kontratu indefinituak 27 besterik ez dira izan eta tenporaletik indefinitura pasatakoak beste 17 kontratu. Kontratatutako langile gehienak gizonezkoak izan dira, 326. Kontratatutako emakumeak aldiz 219 izan dira.