Denboraldiko lehen ostikoak ematera Zubipera buelta, iazkoa hobetzeko asmoz

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 3a, 02:00

Emakumezkoen ligako taldea asteazkenean hasi zen 2007-08 denboraldia prestatzen. Taldea oraindik eratu gabe dago, baina iazko multzoa mantenduko da. Jon Zabaletak eta Iñaki Lopezek jarraituko dute entrenatzaile lanetan. Kadeteak ere hasi dira lanean, Aritz Arregi entrenatzaile berriarekin.

Hilabete inguru geratzen da denboraldi berria hasteko eta CD Hernaniko talde batzuk hasi dira Zubipen berriz ere sasoian jartzen. Herenegun Emakumezkoen ligako taldeak egin zuen lehen entrenamendua, eta bost bat asteko aurredenboraldia dute aurretik.

Astean lau saio hasieran

Aurredenboraldiko lehen asteetan lau saio egingo dituzte eta arlo fisikoa lantzea izango dute helburua. Gorengo mailako prestatzailea den Jon Aristizabalek eratutako plangintza erabiliko dute horretarako. ´Aurten astebete lehenago hasi gara, azken astean baloiaren erabilera gehiago lantzeko asmoarekin` dio Jon Zabaleta entrenatzaileak ´baina ez dugu gauza haundirik aldatuko, iaz ondo ibili bait ginen fisikoki`. Lehen testa bihar zortzi izango dute, Zarautzen kontra Zarautzen.

Taldeak iazko oinarria mantenduko du

Aurreko denboraldikoa baina plantila zabalagoa izateko aukera izango dute entrenatzaileek, jokalari batzuk utzi egin duten arren: ´20 jokalarietatik hiruk utzi dute, baina zortzi bat igoko dira kadete mailatik. Guk hiru jokalari ekartzeko asmoa dugu, bi Hernanin aritutakoak eta Olaia jokalari ohia bueltatu egin da`. Baina gehiegi ere izan daitezkeela dirudi eta hala dio misterrak: ´saiatuko gara denak hartzen, baina ezin bada, taldea bilatuko diegu kanpoan geratzen direnei`. Iraila hasieran erabakiko dute entrenatzaileek zenbat fitxa bete eta zein jokalarirekin. Zabaleta seguru dago aurten talde hobea eta landuagoaizango dutela: ´iaz taldea egitea tokatu zitzaigun, baina aurten oinarria egina dago eta denok ezagutzen dugu elkar`. Beste talde batzuk arrantza egiten saiatu dira Zubipen eta lauzpabost jokalarik alde egiteko eskaintzak izan dituzte. Hala ere, 07-08 denboraldian ´zerbait garrantzitsua` egiteko esperantzarekin, gelditzea erabaki dute. Entrenatzaile postuan ez da aldaketarik izango eta Jon Zabaletak eta Iñaki Lopezek jarraituko dute, beharbada laguntzaile berri batekin.

Kadete mailan aire berriak

Senior taldearekin batera, kadete mailako neskek hasi dute denboraldi berrirako prestakuntza. Aurten entrenatzaile berriaren agindupean eman dituzte lehen pausoak gainera, azken urteotan taldea gidatutako Markos Trejok utzi egin behar izan baitu.

Entrenatzaile berria: Aritz Arregi

Aritz Arregi 19 urteko hernaniarra izango da 2007-08 denboraldian kadete taldeko entrenatzailea. Añorgako jokalaria joan den denboraldira arte, futbola utzi berri du eta entrenatzaile lanetan ariko da Zubipen aurten. Lan hau ez da berria izango, ordea, Arregirentzat, Urumea eta Elizatxo ikastoletako infantilekin koordinadore lanetan ibilia baita. Horrez gain, 1. maila erregionaleko epailea ere bada. Futbolari lotutako bizimodua bada, Osiñaga auzoko gaztearena.

Jokalari gehienak berriak

Plantilak ere izango ditu berrikuntzak aurtengoan. Iaztik hiruzpalau jokalari besterik ez dira geratuko taldean eta gainontzekoak berriak izango dira: ´Bi urtera begira egin ahal izango dut taldea, sartuko direnak kadete mailako lehen urtekoak izango baitira` dio Arregik. Oraingoz 28 jokalari dauzka talderako eta ahal den heinean, ez du inor kanpoan utzi nahi: ´Nire asmoa da beste talde bat egitea futbol-8an, filial moduan. Fitxa aldetik nola egin daitekeen begiratzen ari gara`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!