Donostiako bigarren ingurubideko zati guztiak egiteko obrak martxan dira dagoeneko eta Diputazioaren arabera, asmoa da 2009 urtean irekitzea. Errenteriatik Aritzetara arteko ibilbidea egiten du bigarren ingurubide honek, 16,7 kilometroko luzerarekin. Oiartzun eta Errenteria aldetik Astigarragako rotonda berrira egiten du eta hortik, Galarretan barrena Lasarte aldera. Hernanin Galarreta eta Oria Mendi artean pasatzen da eta kejak izan dira bertako baserrietako lurrak espropiatu dituztelako. Hernaniz gain, Errenteria, Oiartzun, Astigarraga, Lasarte-Oria eta Usurbilgo lurretan pasatzen da ingurubidea. A-8aren jarraipena izango denez peajea izango du, ordain-guneak non joango diren oraindik zehazteko badago ere.
Zati guztiak obran
Orain hilabete hasi dira Aritzeta eta Urumeako autobidea Astigarragako rotonda rekin batuko dituen bide zatiaren obrak eta 2006ko iratiletik ari dira egiten rotonda eta Errenteria batuko dituen bide zatia. Honenbestez, 2009 urte erdirako egon liteke irekita Donostiako barianteko trafikoa arintzeko helburua duen ingurubidea. Diputazioaren asmoen arabera bigarren ingurubideak muga aldera dijoan trafikoa hartuko du batipat, kamioiak bereziki. Diputazioak egindako kalkuluen arabera aurreikusi liteke ingurubide berriak 40.000 ibilgailu hartzea egunean eta hauetatik 10.000 inguru izango lirateke kamioiak.
Aurrekontu altua
Ingurubideak 317 miloi euroko aurrekontua du, eta zailtasun tekniko haundiak dituelako omen da hain garestia.