Zortzi izar zeruaren bila, Bitoria-San Miguel partiduarekin gaur hasiko den txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2007ko abu. 2a, 02:00

Lehen fasea eskaileran jokatuko dute eta irabazle ateratzen dena sartuko da Ezkurra eta Zeberio II-rekin batean ligaxka jokatzera. Partidu guztiak Galarretan izango dira, arratsaldeko 16:00etan.

Bitoria eta San Miguelen arteko partiduarekin hasiko da gaur buruz buruko Casino Kursaal txapelketa, Galarretan. Urteko zitarik garrantzitsuenetakoa izaten da buruz burukoa goi mailako erremonte jokalarientzat, modalidade zaila eta ikusgarria aldi berean. Aurten ere Koteto Ezkurra doneztebearra izango da faborito garbi, Patxi Zeberio eta Miguel Mari Urrutia ere hortzak erakusteko izango dituen arren, eta baita hasiera batean espero ez den gazteren bat ere. Aurtengo txapelketak hiru baja garrantzitsu izango ditu: Lizaso lesionatua dago eta Eizagirre eta Altuna I beteranoek nahiago izan dute ez atera.

Lehen fasea eskaileran

Gaur Bitoria eta San Miguelen artean irabazten duenak datorren larunbatean Iriarte-Juaristiren artean irabazten duenaren aurka jokatuko du. Hurrengo eskailera mailan, Altuna II dago zain eta irabazleak Urrutia izango du aurkari. Partidu honetako irabazleak Ezkurra eta Zeberiorekin ligila jokatzeko aukera izango du, hilaren 18tik 25era) eta horretarako faborito Urrutia bera izango da. Gaurko jaialdia 16:00etan hasiko da eta buruz burukoaz gain beste 3 partidu ere izango dira: Iribarren-Astibia/Larrea-Olazar; Ezkurra-Etxabe/Zeberio II-Urrutia; eta Bereziartua-Aizpuru/Matxin III-Angel Lekunberri.

PELOTARIZ PELOTARI

Patxi Zeberio Ansa Zeberio II

-Elduaien, 1974

-Debuta 1995ean.

-Casino Kursaaleko txapelduna 2006an. Finalista 2002an.

Koteto Ezkurra Zunzarren

-Doneztebe, 1973

-Debuta 1990an.

-Casino Kursaaleko txapelduna 1995, 1996, 1997, 1998, 1999, 2001, 2002, 2004 eta 2005ean. Finalista 2000an eta 2003an.

Migel Mari Urrutia Eskudero

-Saldias, 1983

-Debuta 2003an.

-Casino Kursaaleko finalista 2006an.

Garikoitz Altuna Aierbe Altuna II

-Amezketa, 1975

-Debuta 1995an.

-San Fermin torneoko txapeldun 2006an eta finalista Huarteko torneoan 2003an.

Txetxu Iriarte Uranga

-Azpeitia, 1970

-Debuta 1992an.

-Bikoteka, Faustino torneoan txapeldun 2001an (Zeberio IIrekin).

Jon Juaristi Estolaza

-Zarautz, 1981

-Debuta 2002an.

-Bikoteka, Gipuzkoako txapelketan finalista 2005ean (Iriarterekin).

Xabier Bitoria Bengoetxea

-Andoain, 1971

-Debuta 1992an.

-San fermin torneoko txapeldun 2005ean eta 2002an Euskal-eko XXV. urteurreneko torneoan.

 Julen San Miguel Ugarte

-Doneztebe, 1987

-Debuta 2004an.

-Bikoteka, Faustino torneoko txapeldun 2007an (Ezkurrarekin).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!