Kurtso berrirako dituzten egitasmoen berri eman zuten Udal Euskaltegiak, AEKk eta Doberak

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 20a, 02:00

Prentsaurrekoa egin zuten atzo Udal Euskaltegiko, AEKko eta Dobera euskara elkarteko ordezkariek 2007/08 kurtsorako euskararen normalizazioaren alde dituzten egitasmoaren berri emateko. Bertan bildu ziren Idurre Lucas, udaletxeko euskara zinegotzi arduraduna; Jokin Nazabal, Udal Euskaltegiko zuzendaria; Luis Intxauspe, AEKko arduraduna; eta Izaskun Zubitur Doberako teknikaria.

Udal Euskaltegian 147 ikasle
Jokin Nazabalek adierazi zuen aurten 147 ikasle matrikulatu direla Udal Euskaltegian. Ikasle kopuruak gora egin du aurtengoan, iaz garai honetan 116 ikasle matrikulatu baitziren. Hiru berrikuntza aipatu zituen Udal euskaltegiko arduradunak: internet bidez egiten diren on line ikastaroak, batez ere Osakidetzako langileei zuzendutakoak; norbere kabuz klasera joan gabe egiten diren autoikaskuntza formatuko ikastaroak; eta ohiko klaseetan teknologia berriak sartzea. Denek ere eskari berari erantzuten diote, gaur egun egunero klasera joateko dauden zailtasunak direla eta, ikasleek etxean lan egiteko aukera gero eta gehiago eskatzen dute.

AEK: iazko ikasle kopurua
Luis Intxauspek azaldu zuen AEKko matrikulazioa iazko tankerakoa dela, kopuru aldetik. Beste euskaltegietan bezala, aurreneko urratsetan jende gutxiago matrikulatu dela azaldu zuen, gero eta jende gutxiago baitago hutsetik hasten dena. AEKko ordezkariak ere esan zuen jendeari gero eta zailagoa egiten zaiola klasera egunero joatea, eta hori dela eta gune ezberdinak antolatu dituztela ikasleak bere kasa ere ikasi ahal izateko: zalantzagunea (gramatika eta arauen inguruko zalantzak argitzeko gunea; eta mintzagunea (euskaraz hitz egiteko gunea). Aixa programa ere aipatu zuen, etorkinek euskara ikasteko programa eta Aixa 2 programa horren jarraipena. Azkenik, Zilegi eskolak ere aipatu zituen, gai ezberdinen inguruan antolatzen diren tailerrak, gustoko gaiak landuz euskaraz hitz egiteko aukera ematen dutenak.

‘Gure artean euskaraz’
Dobera euskara elkarteko teknikaria den Izaskun Zubiturrek Gure artean euskaraz egitasmoaren berri eman zuen, 2003an martxan jarritakoa. Egitasmoa, AEK, Udal Euskaltegia, herriko ikastetxe eta Hernaniko Udalarekin elkarlanean ari dira aurrera ateratzen. Egitasmo honetan, euskeraz dakiten pertsonak euskeraz hitz egiteko ohitura hartu nahi duten pertsonekin elkartzen dira, gustoko plana egin eta mingaina pixkatxo bat askatzeko. Helburua da euskaren erabilera bultzatzea, euskaltegian ikasitako euskara praktikatuta edo aspaldian ahaztutako euskera berpiztuta, besteak beste. Doberako teknikariak herritarrak animatu zituen egitasmo honetan parte hartzera, euskaraz hitz egiten ikasi nahi duten pertsonek asko eskertzen dutelako.

Helduen Hezkuntza Zentroa
Helduen Hezkuntza Zentroko eskaintza ere azaldu zuten atzo. Antziolan egoitza duen zentroak euskara ikastaroak eskaintzen ditu, debalde, hutsetik hasi nahi duenarentzat.

 AEK: Larramendi 11
943 55 78 01/943 55 78 79
astigarraga@aek.org
Udal Euskaltegia
Karobieta 63. 943 33 18 96
euskaltegi@hernani.net
Dobera:  Larramendi 11
943 33 27 99
dobera@dobera.com
Helduen Hezkuntza Zentroa:  Antziola 62
943 33 53 18

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!