San inazio eguna ospatu zuten urtero bezala atzokoan Santa Barbaran. Iaz bezala, jende dexente gerturatu zen Santa Barbarara egun pasa egitera eta giro eguzkitsua eta sargoria egin arren, Santa Barbara tontorreko itzalek eta edari freskoak lagundu zuten beroa arintzen.
Herri kiroletan indarrak ia berdinduta
Eguerdi partean igo ohi da jende gehiena Santa Barbarara herri kirol desafioa ikustera. Bi talde aritu ziren elkarren kontra, aizkoran, lokotxetan eta ingudean. Aurreneko taldean, Aitor Barrenetxea (Larrabideren ordez azken momentuan animatua), Jon Larrañaga Larra eta Josu Ixtubi izan ziren. Bigarren taldean, Arbitza andoaindarra, Aitor Zabala eta Asteasutik etorritako Ane izan ziren (azken hau Astigarrako Suharriren ordez aritu zen). Aizkoran aurreneko taldetik, Aitor Barrenetxea eta Jon Larrañaga izan ziren, eta bigarren taldetik, Arbitza eta Aitor Zabala. Bigarren taldea nagusitu zen froga honetan, 2 puntu eskuratuta. Lokotxetan eta ingudean aurreneko taldean Ixtubi aritu zen eta bigarren taldetik Ane. Bi frogak Ixtubi-k irabazi zituen eta bi puntu eskuratu zituzten. Puntuak gehituta bi taldeek berdindu egin zuten. Desenpatea erabaki zen aizkorako lanak azkarren egindako taldea kontuan hartuta. Bigarren taldea izan zen lan horiek azkarren egindakoa, ia enbor erdiko aldea aterata.
Bazkaritan 80 lagun
San Inaziotako bazkaritan 80 lagun bildu dira aurten urteroko menua dastatzera: marmitakoa, txuleta eta Adarragako tarta. Horrelako menuarekin mahaitik altxatzea kosta bazitzaien ere, arratsaldeko 18:00etako erromerian prest izan ziren dantzarako. Bertsolari eta toka txapelketa ere izan ziren bazkalondorenean eta haurrek haientzako antolatutako jolasekin eta txokolatadarekin egin zuten arratsalde pasa aurtengo San Inazio egunean.