Herritarrak Santa Barbaran bilduko dira gaur, San Inazio egun animatua pasatzeko asmoz

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 31a, 02:00

Morkaiko taldeak antolatuta, trikitilariak, bertsolariak, herri kirolak, bazkaria eta jokoak izango dira, 10:00etan hasita. Meza izango da ermitan eta ‘Indio’ eta Atarrabiyori omenaldia ere egingo zaie.

San Inazio eguna da gaur, uztailak 31, eta egun horrek festa ekartzen du Santa Barbara gainera. Urtero bezala, aurten ere egun pasa egiteko aukera aparta jarri du Morkaiko taldeak eta bertsolariak, trikitilariak, herri kirolak, meza, omenaldia, herri bazkaria eta abar izango dira. Festa goizeko 10:00etan hasiko da, Hernaniko trikitilariekin, eta arratsaldera arte izango dira ekitaldiak.

Eguerdian herri kirol apustua

Ohi bezala, aurten ere, herri kirola apustua izango da eguerdian. Aurten bi hirukote izango dira aurrez aurre, lokotxetan, txingetan eta aizkoran. Batetik, Galarreta auzoko Josu Ixtubi, eta Aitor Zabala eta Arbitza andoaindarrak izango dira (azken biak aizkoran), eta bestetik Suharri astigartarra, eta Aitor Barrenetxea eta Jon Larrañaga Larra Hernanitik (azken biak aizkoran). 13:00etan hasiko da apustua. Bertsolariak ere izango dira, 11:00etan; aurtengo saioan Antton Garin bi bertsolari gazterekin ariko da: Unai Gaztelumendi eta Asier Azpirozekin. Bazkal aurretik meza ere izango da ermitan eta omenaldiak egingo zaizkie Indio eta Atarrabiyori. Bazkal ondoren, toka txapelketa, haur jolasak, txokolatada eta erromeria izango dira.

Bazkarira apuntatu ahal izango da gaur

Morkaiko kultur taldeak jakinarazi du bazkarira apuntatzeko aukera izango dela gaur oraindik. Marmitakoa, txuleta eta Adarragako pastelak osatzen dute gaurko menua. Txartelak 20 euroan izango dira salgai.

ANTTON GARIN - Bertsolaria: «Nik ez diot beldurrik mikrofonoari eta adarra jotzen eta animatzen saiatzen naiz»

Antton Garin 1978an igo zen lehenengoz bertsoak kantatzera Santa Barbarara. Ordutik ez du hutsik egin eta gaur ere han izango da, San Inazio eguna girotzen.

Urte asko dira dagoeneko San Inazio egunean bertsolaririk ez dela falta...

San Inazio egunean betidanik izan dira bertsolariak Santa Barbaran. Ni gogoratzen naiz Bizkaiatik Enbeitatarrak etortzen zirela, eta bezperatik kalean ere kantatzen zutela, trikitixarekin batera. Gero gu hasi ginen, Aterpe eta biok, 1978. urtean, eta gero 5-6 laguneko koadrila elkartu ginen: Argiñarena, Olano, Sansonategi... Hernaniko jendea eta Hernanin ibiltzen zena, batez ere. Orduan, bertso eskola sortu zen eta herrian bertsoa asko igo zen, eta txukundu egin zen pixka bat bertsoa lantzeko modua. Orduan Juanjo Uria zen Alkate eta hark asko lagundu zion bertsoaren munduari.

Ordutik hona zuk bakarrik jarraitzen duzu, ordea, Santa Barbaran.

Bai, urteak pasa eta nik jarraitu egin det ohiturarekin. Uste dut 1978 urtetik ez dudala hutsik egin. Orduko bertsolariak, berriz, pixkanaka uzten joan dira. Nik esan ohi diet animatzeko, bazkaltzera igo eta saiotxo bat egingo dugula baino...

Aurten bi bertsolari gazterekin ariko zara. Belaunaldi ezberdinetako jendearekin kantatzeak ilusioa egingo dizu, ezta?

Bai, egiten dit ilusioa, baino pena pixka bat ere ematen dit ezagutzen ditudan bertsolariekin ez kantatzea. Adarra jotzeko ere beste gauza bat da, pixka bat gehiago kostatzen da lehen pausua ematea baina saiatuko gara giroa animatzen.

Esatari lanak ere egiten dituzu herri kiroletan...

Hori ez dakit nola sortu zen. Gazteek esan zidaten nik kirolariak ezagutzen nitula eta ea animatuko nuen giroa pixka bat...Nik ez diot beldurrik mikrofonoari eta hor ibiltzen naiz, adarra pixka bat jotzen eta animatzen.

Asko aldatu al da Santa Barbarako festa zu hasi zinenetik?

Ez, orokorrean ez da aldatu. Jendea aldatu da, kopurua batez ere. Orain, berriz, jende dezente igotzen da Santa Barbarara, baina duela 8-10 urte beherakada haundia izan zuen. Eguraldiak ere asko esan nahi du; on-ona eginez gero, jende gutxiago hurbiltzen da lainotsua eginda baino. Gu hasi ginenean, 09:30-10:00etarako han izaten ginen eta lau bat gai jartzaile izaten ziren. Baina orokorrean ez da asko aldatu, festa berdina da.

Egitaraua

10:00 Trikitilariak.

11:00 Bertsolariak.

11:30 Omenaldia Indiori.

12:10 Meza.

12:50 Omenaldia Indio eta Atarrabiyori

13:00 Herri kirolak.

14:30 Herri bazkaria.

16:00 Toka.

17:00 Haur jolasak eta txokolatada.

18:00 Erromeria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!