Bihar, San Inazio eguna, egun guztiko festa izango da Santa Barbaran, aspaldiko ohiturari segiz. Goizeko 10:00etarako hasiko dira trikitilariak eta jarraian bertsolariak, meza, Indio eta Atarrabiyori omenaldia, herri kirolak, toka, haur jolasak eta abar izango dira inguratzen direnen gozamenerako. Eguerdiko 14:30ak inguruan, bazkaria izaten da arbolapean eta txartelak gaur arratsaldera arte egongo dira salgai Aralar eta Kixkal tabernetan, 20 eurotan. Menua arratsalderako indarrak biltzeko modukoa: marmitakoa, txuleta eta Adarragako tarta.
Urteroko festa
Santa Barbaran urteroko festa ikusteko aukera izango da. Trikitilariek lagunduta, herri kirol desafioa izango da lokotx biltzen, txingekin eta aizkoran eta bertsotan Antton Garin beteranoa ariko da Beñat Gaztelumendi eta Asier Azpiroz gazteekin.