Ur parkeak bi hilabetetik gora daramazki irekita eta orain artean jendea ibili da, eguraldiak utzi duen heinean. Maiatzaren 25etik uztailaren 18ra arteko datuei begiratuta, 20.000 lagun inguru pasa da Mendi Mendiyaneko ur parketik. Egunotan ere, eguraldia lagun, jendea ibili da, baina daturik ez dago oraindik. Datuak dauden lehen bi hilabete horietan, uztailaren 13-14-15ean izan da jenderik gehien, bero haundia egin baitzuen. Hiru egunotan, 5.200 lagun pasa dira Mendi Mendiyaneko ur parketik. Erabiltzaileei galdetuta, itzala da gehien faltan botatzen dutena, bero egunetan toailaz beteak egoten baitira zuhaitz bakanek eragindako itzal guneak. Etorkizunean itzala emango duten arbolak aldatuta daude dagoeneko, baina denbora pixka bat beharko dute haunditu eta hostoz hornitzeko. Hernanitik nahiz kanpotik Ur parkera Hernaniko jendea inguratzen da gehien, baina kanpotik etortzen dena ere kopuru haundia da. Kirol Patronatuko teknikariek emandako datuen arabera, lautik bat izan liteke kanpotik etorritakoa, eta Buruntzaldetik nahiz Buruntzaldez kanpotik etortzen dira.
Goizetik arratsaldera
Ur parkea goizeko 10:00etan irekitzen da astelehenetik igandera, eta arratsaldeko 20:00ak arte egoten da irekita. Maiatzaren 25ean zabaldu zuten eta irailaren 17ra arte egongo da zabalik. Kiroldegiko bazkideentzat eta bazkide ez direnentzat denboraldi guztirako abonoak daude, eta egun bakoitzeko sarrera ere hartu liteke. Igerilekuaz gain, kafetegia bertan da eta arratsaldeetan baita liburutegia ere, abuztuan, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.
Abuztuan kiroldegia goizetik, arratsaldetan Buruntzaldean
Kiroldegia goizetik egongo da zabalik abuztu guztian zehar, astelehenetik ostiralera (larunbat eta igandetan itxita egongo da, eta bihar San Inazio eguna dela-eta, ere bai). Goizeko 06:45etatik 13:30etara egongo da zabalik. Arratsaldeetan kiroldegira joateko gogoa duenak, Buruntzaldeko beste herri batzuetan izango du aukera. Urnieta eta Astigarragako kiroldegiak urte guztiko ordutegian irekiko dituzte abuztuan ere. Andoainen, itxita egongo da abuztuaren 15era arte eta baita abuztuaren 19 eta 26an ere, baina gainontzeko egunetan ordutegi normala izango du. Lasartekoa abuztuaren 12ra arte itxita egongo eta 15, 19 eta 26an ere bai, baina gainontzean ordutegi normala izango du honek ere. Usurbilgoa berriz, itxita egongo da abuztuaren 26ra arte.