Uretan ibiltzea, hori omen da Saharatik etortzen diren haurrei gehien gustatzen zaiena, Hernanira etortzen direnean. Horregatik, Ekaitz Zubeltzu begiraleak haurrekin egiten dituen irteera ia gehienak itsasora edo igerilekuetara izaten dira. Ostiralean egon ginen gu beraiekin eta orduan Donostiako Santa Klara uhartea zuten bisitatzekoa. Bazkari eta guzti joan ziren orduan, eta 16:00etarako bueltan ziren herrian. Normalean, goizez egiten dituzte irteerak eta batzuetan udaleku irekietako haurrekin eta Andoainen edo Donostian dauden haur sahararrekin elkartzen dira. Saharako bost haur hartu dituzte aurtengo udaran Hernaniko beste hainbeste familiek eta hemen izango dira irailaren 12ra arte. Iaz baino bi haur gehiago etorri dira aurten, bi famili berri animatu diren seinale. Uztailaren 11n eta 12an etorri ziren eta ´oso gustora` dabiltzala dio begiraleak. batzuk errepikatzaileak dira, eta herria ondotxo ezaguzten dute. Beste batzuk, berriz, lehen aldiz etorri dira Hernanira. Zenbaiten kasuan lehen aldia da bere herrialdetik atera dela, eta beste bat Italian egona da lehenago. Errepikatzaileen artean, seigarren aldiz etorri denik ere bada.
´Nahiko independienteak dira eta ondo portatzen dira`
Begiraleari galdetu diogu ea buruhauste haundiak ematen dizkioten haurrak, eta ezetz esan digu, hemengoek baina lata gutxiago ematen dutela: ´Orokorrean, nahiko independienteak dira; ez dira zaintzailearen eskutik ibiltzen`. Horrek dakar baita ere, batzuetan begiralearen figura ez errekonozitzea, baina, Zubeltzuren esanetan ondo moldatzen dira eta ez dute aparteko arazorik izaten. Begiralea gehien harritzen duena zera da, erakusten duten adaptazio ona: ´Kontuan izan behar da hizkuntza ezagutu gabe datozela, eta poz-pozik izaten dira hemen bi hilabetez`. Horrek komunikazio arazoak ekartzen dizkio Ekaitzi ere, batez ere hasieran: ´Eskerrak batek itzultzaile lanak egiten dizkidan!`.