Gorengo taldeak hasi berria du aurre denboraldia, eta datorren denboraldirako taldea zehazten hasiak dira dagoeneko. Gaur egun, 32 jokalari ari dira postu bat irabazteko borrokan, eta hauetatik 25 inguru izango dira datorren urterako fitxa izango dutenak. Zubipera jaitsi eta lehen taldearen bueltan entzuten den hitza ´ilusioa` da. Iazko denboraldiak arrastoa utzi du nonbait eta horren garbi adierazten ez badute ere, hirugarren mailara igotzea izan liteke datorren denboraldiko helburua. Jon Loran klubeko arduradunak Hernaniko kronikari azaldu dionez, gauzak ´iaz baino hobeto egitea` izango da helburua, bai aurre denboraldian eta baita denboraldian ere, ´eta hori lortzen badugu gainerakoa etorriko da`.
Plantila konpetitiboa
Iazko blokea mantendu egingo du Hernanik eta 3 bat baja izango ditu taldeak seguruenera, baina ordezkoak bilatu dituzte. Kanpotik ere jendea ´aukeratuta` ekarri dute aurre denboraldi honetan (Turingo 3, Irungo 3, Zarauzko bat...) eta jubeniletatik igotako bi ere ari dira aurre denboraldia egiten. Taldeak iaz baino maila hobea izan lezake aurten Loranen hitzetan, ´oso konpetitiboa`. Kanpotik jendea ekarriz gero, behetik datoztenentzat lekurik ez da izaten ordea, aurten igoko diren 10-12 bat jubenilentzat kasu. Jende hori beste taldeetan jartzeko ahalegina egingo dutela esan dute klubeko arduradunek ´eta gerora lehen taldean berreskuratu litezke`. Kluba Erregional mailan beste talde bat ateratzea ere aztertzen aritu da, baina horretarako zailtasun haundiak daudela azpimarratu dute.
Indartsu hastearen garrantzia
Denboraldiko helburuak hasierak zehaztu ohi ditu askotan, eta horregatik indartsu hasi nahi dute aurten txuri-berdeek. Horretarako aurre denboraldi gogorra egin beharra dago eta lehen bi partiduak bide horretan antolatu dituzte, hirugarren mailako taldeen aurka: lehen partidua datorren larunbatean izango da Zubipen, Lagun Onak taldearen aurka, arratsaldeko 18:00etan. Bigarren partidua, berriz, abuztuaren 11n jokatuko dute, Zarautzen, arratsaldeko 18:00etan. Liga irailaren 9an hasiko da, baina egutegia zehaztu gabe dago oraindik. Aldez aurretik goiko muturrean zein talde ibiliko den ez da xamurra jakiten, baina Hernanirekin batean borrokan ibiltzeko boleto asko dituzte jaitsi berria den Real Union Bk, Zestoak, Ordiziak edo Anaitasunak. Bat bakarra igoko da hirugarren mailara eta lehia estua izango da, seguru.