Nahas Mahas bigarren eskuko azoka jarri zuten atzo Atsegindegin, eta erantzun ona izan zuen, Emaus fundazioko kideek Kronikari esan diotenez. 32 postu desberdin jarri zituzten eta denetatik jarri zuten salgai: arropak, antiguedadeak, erramintak, liburuak... eta herritarren erantzuna ere ona izan zen eta goizetik eguerdira arte herritar asko pasa zen bertatik, Emauseko kideen hitzetan, ´hondartzarako hain eguraldi ona ere egiten ez zuelako`. Azokaren helburua da gauzak berrerabiltzea, eta aldi berean txanpon batzuk ateratzeko aukera izatea.
Hernanikoa, bakarra
Emaus fundazioak Udalarekin elkarlanean antolatzen duen azoka bakarra da Hernanikoa eta denborarekin azoka hau Buruntzalde eta Donostialde mailakoa izatea nahi lukete arduradunek. Oraingoz, Hernanikoak dira postua jartzen duten ia talde, ikastetxe eta banako guztiak, geroz eta gehiago gainera. Printzipioz, urte bukaerara arte sinatua daukate elkarlanerako hitzarmena eta hilabetero izango dugu bigarren eskuko azoka Atsegin-degin, baita abuztuan ere.