Josu Oiaga, Ioritz Arrieta eta Ander Lopez Hernaniko lauterdiko txapeldunak

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 29a, 02:00

Hiru finalak atzo jokatu ziren, eta hirurak izan ziren oso borrokatuak.

Hernaniko lauterdiko pelota txapelketako hiru finalak jokatu ziren atzo eta hiru partidu gogor eta estu ikusi zituzten kiroldegira inguratu ziren zaletuek. Infantil mailako finala jokatu zen lehenik eta Ander Lopezek irabazi zuen Aritz Murgiondoren aurka (22-20). Ondorenean, jubenil mailako finala jokatu zen eta Ioritz Arrieta nagusitu zitzaion Eñaut Esnaolari (22-19).

Nagusietan Oiaga nagusi
Azken partidua nagusi mailakoa izan zen eta hemen ere estu izan ziren gauzak. Josu Oiaga nagusitu zitzaion Unai Alvarezi 22-17, eta tanto dotoreak ikusteko aukera izan zen azken partidu honetan, aurrean korapilatuta ibili baitziren bi pelotariak. Rufino Rekalde delegatuak dioenez, maila haundikoa izan da aurtengo nagusietako txapelketa, pelotari on asko elkartu baita.

Amaiera, mahai bueltan
Atzoko partiduarekin bukatu du denboraldia Hernaniko pelota elkarteak, eta ohitura onak ez galtzeko, ondorenean bazkaltzera joan ziren pelotari eta arduradun guztiak. Denboraldian 32 mutil eta 14 neska pelotari izan ditu klubak eta pelota eskola kontuan hartuz gero, 70etik gora izan dira pelotariak. Denboraldi berria irailean hasiko da, Gipuzkoako Txapelketarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!