Abuztu parteko gida txikia

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 29a, 02:00

Udako estreinu erraldoiekin batera, udak filme txiki interesgarriak ikusteko aukera ere uzten digu.

XABIER ERDOZIA, ‘LOU’ Ailegatu zaizkigu dagoeneko Harry Potter y la orden del Fénix eta Los Simpsons erraldoien estreinuak. Horiekin batera Transformers eta Shrek tercero ikusgai ditugu oraindik, eta laister datoz Ratatouille edota Los cuatro fantásticos y Silver Surfer.Udarak normalean estreinatzen diren filme erraldoi horiez gain beste tankerako filmeak ikusteko aukera ere ematen digu, hilabete hauetan, urtean zehar aukerarik izan ez duten filme txikiak ere estreinatzen baitira. Eta horien artean batzuk oso gomendagarriak dira.

TRANSFORMERS (Antiguo Berri Urbil)
Filme honek jarraipena eman dio azken urte hauetako gertaera zinematografiko berri bati: jostailuetan oinarritutako filme mugimenduari, alegia. Hansbro jostailu empresa, Steven Spielberg eta Michael Bayen-en artean Transformers jostailuak abiapuntutzat hartuta eraman dute aurrera film hau. Garraio bide bihurtzeko gaitasuna duten robotak dira film erraldoi horren protagonistak. Eta filma militarista, oinarrizkoa eta biolentziaz betea izan arren, oso entretenigarria da eta erraz ikusten da. Zuzendaritza lana eta gidoia nabariak ez badira ere, esan beharra dago Michael Bayek (Pearl Harbour) zuzendutako film hoberena dela. Egia esan, horrek ez du ezer asko adierazten, Michael Bayek orain arte film oso kaxkarrak zuzendu baititu. Hori guztia kontuan harturik nik ez nituzke nire seme alabak filma ikustera eramango, baina zuzena izatearren, esan beharra dago filmak badituela gauza erakargarriak. Esate baterako, George Lucasen Industrial Light and Magic enpresak gauzatutako efektu bereziak egun arte zineman ikusi ez direnak dira. Horrela, filmaren azken aldeko bataila ahoa zabalik uzteko modukoa da. Gidoia azterketa soziologiko sakona egiteko modukoa da (robot gaiztoak eta Al-Qaedaren arteko lotura garbia azaltzen digu esate baterako) eta baditu eszena guztiz lotsagarriak, baina gidoiak berak ere baditu alde aipagarriak (filmaren hasiera eta bukaera, esate baterako). Transformers filmeak Roland Emmerichen Independence day nazkagarria gogora ekartzen du askotan, baina baita Godzilla munstroaren edota Ray Harryhausenen klasikoak ere. Filmaren gauza aipagarrienak: Shia Labeouf aktore gaztearen lan bikaina eta efektu berezi ikaragarriak. Kontuan izateko azken gauza: ideologia aldetik Bushek onartuko lukeela.

MEDIA LUNA (Printzipe)
Bahman Gobhadiren bigarren filmak Donostiako zinemaldiko Urrezko Maskorrak jasotzeaz gain, Kritikaren Saria ere jaso zuen. `Media lunak`, musikaldi garrantzitsu batean parte hartzeko xedez, musikari talde batek egiten duen bidaiaren berri ematen digu. Baina bidaiak badu koxka: taldean emakumeak ere parte hartzen dute, baina Kurdistan Irakiarrean emakumeek musika taldeetan parte hartzeko debekua dute. Abiapuntu horrekin, Gobhadik gorabeherak dituen film poetiko zein soziala zuzendu du, bertan ixiltasunak eta paisaia emakumearen egoeraren salaketa bezain garrantzitsuak dira. Komedia eta drama tartekatzen dituen film eder horrek, Bahman Gobhadiren gaitasuna zehaztatzen du. Ikusi beharrekoa.

LA SUERTE DE EMMA (Printzipen, Trueban azpititulatua)
Iaz zinemaldiko Zabaltegi sailean sorpresa nabariena eman zuen film alemaniar honek. Bertan kotxe saltzaile bati minbizi terminala duela berri ematen diote. Bere nagusiari dirua lapurtu eta Mexikoko bidea hartzen du. Ezuzteko auto istripu batek Emmaren txerri-kortara eramango du. Emma zatarrarentzat gizonaren etorrera zeruaren opari bat izango da: beti amestu izan duen gizona baita eta gainera zorroa diruz gainezka dakar. Bien arteko harremanak gizona guztiz liluratuko du, baina gaixotasunak aurrera joko du eten gabe. Abiapuntu horren bidez Sven Taddicken heriotza eta bizitzaren arteko loturaren azterketa sakona gauzatzen du, baina humorea inoiz galdu gabe. Aurrekontu urriarekin egindako film hau karteleran dauden film hoberenen artean kokatzea beharrezkoa iruditzen zait. Guztiz gomendagarria.

FAST FOOD NATION (Printzipe)
Richard Linklaterren azken proiektu honek janari industrialaren negozioaren azterketa du gai nagusia. Super size me dokumentalarekin lotura duen film honetan Linklaterrek errealitatetik hartutako gertaera eta aktoreekin osatutako filma zuzendu du. Fast food nation janari industriala (hanburgesak batez ere) fabrikatzen dituzten empresa erraldoien produzitzeko modu susmagarriak salatzen ditu. Eta emaitza suziriak botatzeko modukoa ez izan arren, estimatzeko filma da. Eric Schlosser eleberrian oinarritutako Fast food nation hau ez da espero genuen film handia, baina bai film guztiz gomendagarria.

ZODIAC
Badaramazki gutxienez bi hilabete karteleran David Fincherren azken film horrek. Eta ez da harritzekoa, hamarkada honetako film hoberenen artean kokatzeko modukoa baita. Todos los hombres del presidente Alan j. Pakularen maisu lana eredu modura erabilita, Fincherrek 70 hamarkadan Zodiac ezizeneko sikopata harrapatzeko ikerketen ahaleginen kronika eskeintzen digu `serial killer` filmeen generoari astindu osasungarria emanez. Maisu lana.

MEMORIAS DE QUEENS
Iraupen luzeko feste film zoragarri bat. Dito Montiel zuzendariak egindako filmeak bere bizitzako gorabeherak erabili ditu Queens auzoko erretratu komplexu hau egiteko. Film iluna eta garbia batera, memorias de Queens-ek familia eta jatorriaren eragina aztertzen ditu  ezin hobeto. Galdu ezina.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!