«...Hernani dago penoso, beti tiropian preso...»

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 29a, 02:00

Bigarren gerra karlistatik du Hernanik soinean invicta titulua. Plaza liberala eta Donostiaren maskor hautsi ezina, karlisten granadapean iraun zuen hilabete luzez herri honek. Mende eta laurden geroago, herio haren lekuko errimatua ekarri dugu hona. Bertsolari ezezagun batek gerrako sufrikarioak islatu zituen, odola bete taupada diruditen zazpi bertsorekin.

Bertso hauen egilea zein den ez dakigu, sinadurarik ez baitu, eta hortaz, anonimoa da. Hernaniri! izeneko titulua darama eta ez da zaila asmatzea Bigarren gerra karlistaz ari dela, 1872tik 1876ra Euskal Herria bitan zatitu zuen hartaz, alegia. Zazpi bertsotan gure herriak jasandako zoritxarrak eta liberalek egindako balentriak nabarmentzen ditu egile ezezagunak, Aro Klasikoko Atenas baten epopeiaren antzera. Hernani liberala zen, eta Donostiaren zentinela lanak egin zituen karlistak erasoan hasi zirenean. 1874an setio ikaragarria jasan zuen herri kaxkoak: bonbardaketak, blokeoa, gosea, beldurra... Ondoko bertsoek egun lazgarri haietara garamatzate zuzenean, silabaz-silaba eta doinu ezagun baten airean.

Urnietaco Doñuba
Gerra karlistetako bertso gehientsuenak bezala, honakoak ere misterio bat dira. Zeinek idatzi zituen? Zein motiborekin? Nork jaso zituen? Galdera askotxo bat-batean. Egilearen berri ez dugu, baina bertsoen lorratzari jarraituz galdera horietako batzuen erantzuna aurki dezakegu. Esaterako, peskizan hasiz gero, segituan ohartuko gara 1875ean idatziak izan zirela eta Peña y Goñi musikariak harmonizatu zituela. Ordainetan, Hernaniko Udalak erloju batentzako kate paregabea erregalatu zion musikariari: Como remate lleva [kateak] una granada y en ella ‘Bombardeo, año de 1875’ constituyento en su conjunto una magnífica obra de arte esan zuen haundiki Diario de San Sebastián egunkariak, opariaren motiboa azalduz. Dena den, bertsoak ez ziren 1893 arte publikatu, Ecos de Vasconia izeneko liburuxkan. Kantu bilduma honen egileak Jose Maria Echeverria lasartearra eta Juan Guimon donostiarra dira. Bildumak oihartzun handia izan zuen garai haietako adituen artean, Agur jaunak kanta ezaguna ere bertan jaso zuten, beste zortziko askoren artean, Hernaniri! izeneko gure bertsoak barne. Hernaniri buruzko bertso hauen ondoan doinua ere irakur daiteke: ´Urnietaco doñuba` jartzen du paperean. Izena ez da ezaguna, airea aldiz bai (Elizanbururen ´Ikusten duzu goizean...` bertso ederren doinu berbera da). Baina doinua bertso horiek baino zaharragoa da. Zein da jatorria? Zergatik aipatzen da Urnieta? Badirudi doinuaren benetako izena ´Horra nun dan Urnieta` dela, eta Lehen gerra karlistan sortu zela, Muñagorri karlista disidentearen bertso batzuk musikatzeko.

Kronika belikoa: herri barrutik bertsotan
Beraz, egile enigmatikoaren baimenarekin, neurri bereziko doinuan jarritako bertsoak leitu edo abestu ditzakegu gaur egun. Lehenengo bertsotik giro dramatiko batean sartuko gara: ...luzaro egun bat onic / ez daramala Hernanic... esaten da bertan, eta Santiagomenditik botatzen zizkieten granadetaz ondo akordatzen da bertsolaria. Ez zen egoera erosoa. Don Carlosek 1874ko maiatzean erabaki zuen Hernani menderatzea, Bilboko porrotaren zauria itxi nahirik-edo. Horretarako artilleria mordoa ekarri zuen, Oriamendi, Buruntza, Antonenea eta Santiagomenditik gure herria bonbardatzeko. Hernaniko liberalek, aldiz, Santa Barbarako fuertetik erantzun zieten. Bonbardaketak maiatzaren azkenetan hasi ziren, eta karlistek, ikusirik herria ez zela errendituko, biolentzia izugarriarekin jaurti zituzten granadak: ...galbai zar baten ichuran dago / granada zulos josia... dio hirugarren bertsoak. Deskribapena ezin egokiagoa da, hiruzpalau egunetan 1.000 granada baino gehiago jaso baitzituen herriak (Atzietako etxe bateko horman sartuta bi burni puska ikus daitezke gaur egun, gerra hartako granadak omen dira). Setioa ekainaren 2an amaitu zen, karlistek atzera egin zutenean. Horregatik, Ekainaren 2a festa handia izan zen urte luzetan Hernanin, liberalena lehenik eta errepublikarrena gero. Baina maiatzeko erasoaldi frakasatuaren ondoren, karlistek ez zuten etsi eta hilabete luzez jarraitu zuten herri liberala zigortzen. Horretarako bateria gehiago jarri zituzten inguruetan: ...lenaz gain beste bateriya bi / berriyac dizcate jaso... Gerra luze zijoan eta sektore askotatik bakerako deia egiten hasiak ziren. Hain zuzen, sorta honetako laugarren bertsoak ondo erakusten du gerraren etsipena. 1875ean Espainiako Gobernuak Invicta izendatu zuen Hernani, karlisten erasoari eusteagatik, eta azken bertsoak dioen bezala tituluba ta diruba eman zion horren truke. Horrela amaitu zen Atenas txiki honen epopeia haundia.

Bertso-paperak: XIXgarren mendeko propaganda
Bertsoen jatorriaren enigma, paradigma bihurtzen zaigu kasu honetan, normala baita bertsolariaren daturik ez izatea. Bertso-paperak propaganda eraginkorra ziren gerrate karlistetan, baina egileak ez zuen bere izena inon agertzerik nahi, etsaiaren errepresioaren beldurrez. Jakin badakigu, eskuartean dabilkigun bertso sorta bertsolari liberal batek egin zuela, karlisten euskalduntasunaren topikoari muzin eginez. Dena den, Hernaniri eskainitako beste bertso batzuk badira, autore ezagun batek eginak gainera. Serafin Barojak, Pio Baroja idazle ospetsuaren aitak, zortziko bat eskaini zion ´garaitu gabeko` herriari, eta honela dio lehen bertsoak: Libertade maitea bandera santua, itxu eskergabeak, abotan artua, ez gerade eroriko, egon segurua, Ur-meko inguruan zaude landatua. Serafin Barojak idazlan ugari argitaratu zituen euskaraz eta San Sebastián Martxaren olerkia ere berak idatzi zuen. Izan al zitekeen Hernaniri eskainitako zortzikoa, gure herriko martxa kuttuna? Agian. Baina patuak ez du horrelakorik nahi izan, eta kapritxo historikoetatik kanpo geratu zaigu, ahanzturan. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!