Hernaniko Lauterdiko txapelketako bosgarren edizioa gaur bukatuko da eta eguerdirako jakingo dugu zein diren txapeldun berriak. Infantiletan, Ander Lopezek eta Aritz Murgiondok jokatuko dute finala; jubenil mailan, Eñaut Esnaolak eta Ioritz Arrietak; eta nagusietan, Josu Oiaga eta Unai Alvarez izango dira aurrez aurre. 11:00etan hasiko dira partiduak. Uztailean zehar, hogeita hamar bat pelotari aritu dira kaiolan jokatzen, denak Hernanikoak edo CD Hernani klubekoak. Kiroldegiko frontoi berrituan jokatu dituzte partidu guztiak eta gaur ere han izango dira finalak.
Nagusietan, lehia polita
Nagusietan Josu Oiaga eta Unai Alvarez izango dira parez pare. Trinketean, bikote eginda, Gipuzkoako txapelketa irabazi zutenak orain lauterdiko txapelaren bila kontrarioak izango dira. Alvarez izan da azken bi urtetan txapelduna, baina zortzi hilabete daramazki trinketean zentratuta, eta dioenez, Oiaga ikusten du faborito. Ez da harritzekoa, bestalde, Oiagak jokatu zuen final aurrekoa ikusi eta gero. Erroizenea 10ean utzi zuen partidu borobila jokatuta, eta joko puntu onean dagoela erakutsi zuen. Partidua 3 finaletako azkena izango da.
Infantiletan eta jubeniletan, ikasten jarraitzea helburu
Infantil eta jubenil mailetan helburu nagusia jokoan hobetu eta kaiolako sekretuak ikastea behar luke, baina argi dago, behin finalera iritsita denek jantzi nahi dutela txapela buru gainean. Jubeniletan, Esnaolaren indarra eta Arrietaren abilezia izango dira aurrez aurre. Agian Ioritz Arrieta jo daiteke faborito, aurrelaria izanda hobeto moldatzen baita aurreko koadroetan. Esnaolaren sakeak bueltatzeko gai izango ote den, hor izango da koxka. Infantiletan, Aritz Murgiondo eta Ander Lopez neurtuko dira, txapelketako bi pelotari seguru eta erregularrenak.