‘La casa de mi padre’: gatazka politikoaren kontestuan familia baten kontakizuna

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 28a, 02:00

Gorka Merchan donostiarrak zuzendutako film honetan aktore oso ezagunak ari dira parte hartzen: Carmelo Gomez, Juan Jose Ballesta, Emma Suarez, Veronica Echegui, Alex Angulo eta Iñaki Font.

AVE MARIA etxearen inguruan mugimendu ugari izan da uztailan, etxe ikusgarri hau aukeratu baitute La casa de mi padre izeneko filma grabatzeko. Etxea barrukaldetik itxuraldatu dute filmera egokitzeko. Film honetan gatazka politikoak banatutako familia baten istorioa kontatzen da berriro ere elkartu behar duena, familiako kide bat hiltzear denean. Maitasuna eta pelota jokoa izango dira familia horretako kideak elkarrengana gerturatuko dituzten bi osagai. Aktore oso ezagunak dabiltza egunotan herrian: Carmelo Gomez (La noche de los girasoles, El metodo ...); Juan Jose Ballesta (Ladrones, Cabeza de perro, El viaje de Carol...); Emma Suarez (Visionarios, La ciudad de los prodigios, Sobrevivire...), Veronica Echegui (Yo soy la Juani, El menor de los males, Tocar el cielo); Alex Angulo (Poniente, El oro de Moscu, El laberinto de Fauno...) eta Iñaki Font (Besos para todos, Guerreros, Valentin...). Filma osatzen ari dira Monfort Producciones, Media Films eta Videntia Frames, TVEren laguntzarekin. Filma grabatzen ekainaren 11n hasi ziren eta 8 asterako grabaketak aurreikusi dituzte. Hernaniz gain, Hondarribia, Zarautz, Pasaia eta Tolosan ere ariko dira.

Filmaren sinopsia
Txomin Garay (Carmelo Gomez) bere garaian enpresaria izandakoa eta gaztetan pelotaria izandakoa bere herrira itzuliko da Argentinan 10 urte pasa ondoren. Bararekin doaz Blanca emaztea (Emma Suarez) eta Sara alaba (Veronica Echegui). Herrira itzuliko dira Txominen anaia, Koldo, hiltzorian dagoelako. Bi anaiek elkarri ez diote hitzik esan urteetan. Koldok anaiari enkargu bat ematen dio, bere semea den Gaizkaz (Juan Jose Ballesta), arduratzeko. Gaizka etorkizuneko pelotaria da, baina burua beste nonbait du. Txominek apustu bat egingo du bere ilobarekin: Txominek irabazten badu Gaizka eta berak entrenatu egin beharko dute. Txomin eta Gaizkaren arteko tentsioa nabarmena da eta gainera Gaizkak bere lehengusua den Sara gustoko du. Lehengusuen arteko maitasun istorioa hasiko da. Anek, Gaizkaren amak, begi onez ikusiko du Sara. Anek ezkutuko iragana du, politikak markatutakoa. Bitartean, Txomin bere inguruarekin harremanetan jarriko da berriro ere, garai batean bezala, baina dena aldatuko da bere lagun eta kazetaria den Germanen (Alex Angulo) heriotzarekin. Gertakari honen ondoren Txominek erabakiko du Hego Ameriketara bueltatzea. Hala ere, Txominek badaki ezin duela besterik gabe alde egin, zin egin zuen Gaizkaz arduratuko zela. Txominek bidaia atzeratu egingo du Gaizkak duen partidu garrantzitsu bat dela eta, baina erabaki honek ekarriko du atzera bueltarik ez duen bidai baten hasiera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!