‘Pilotari’ telesaila: bere bizitza berreskuratzen saiatuko den pertsonajearen istorioa

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 28a, 02:00

‘Pilotari’ telesaila: bere bizitza berreskuratzen saiatuko den pertsonajearen istorioa

zinearen glamourra iritsi da Hernanira, uztailean zehar aktore, zuzendari eta produktorak Hernaniko kaleetan barrena dabiltza grabaketa ezberdinak egiten. Horietako bat da Pilotari izeneko telesaila, datorren denboraldian ETB1en ikusi ahal izango dena.

‘Pilotari’, hasiera batean 13 kapitulu izango dituen telesaila
Pilotari telesaila da herrian grabatzen ari direnetako bat. Telesaila zuzentzen ari den Emilio Mac Gregor ekipo osoarekin harrapatu dugu errodaje erdian, kiroldegiko pelotalekuan. Galderak erantzuteko tartetxo bat hartu du Kronikarentzat eta azaldutakoaren arabera, 13 kapitulu izango ditu telesail honek hasiera batean, ´13 kapitulu dira sinatu ditugunak eta Goenkalek baino gehiago irautea espero dugu`. Telesailean parte hartzen duten aktoreen artean daude Asier Hormaza, Joseba Apaolaza, Iñigo Aranbarri, Lierni Fresnedo, Koldo Losada, Panpi Ladutxe, Iñaki Beraetxe, Maitena Salinas, Aintzane Gamiz, Karmele Aranburu, Eric Probanza eta Xabi San Sebastian. ´Aktore ezagunak eta aurkikuntza berriak dira serie honetan parte hartzen duten aktoreak` aipatu du zuzendariak. Telesailaren trama zertxobait aurreratu digu zuzendariak, baina dena ezin esan, bestela ikuslerik gabe geratuko lirateke eta: ´Julen izeneko pertsonaje baten istorioa kontatzen da, bere bizitza berreskuratzen saiatuko da; duela 5 urte lapurtu zioten bizitza`. Telesaila egiten ari dira Baleuco eta 3Koma produktoreak elkarlanean.

Hernanin kanpoaldeko grabaketak
Emilio Mac Gregor zuzendariak azaldu du Hernanin 13 kapitulu horietako kanpoaldeko grabaketak egiten ari direla. Hernani zergatik aukeratu duten galdetuta honakoa erantzun digu zuzendariak: ´Hernani inguruko herri adierazgarria da, Gipuzkoako edozein herri ondo irudikatzen du. Horrez gain, pelota oso sustraitua dago herri honetan eta herritarren eta instituzioen laguntza ere jaso dugu`. Datorren kurtsoan beraz, ETB1en, Hernaniko kaleak erakutsiko dira telesail honen bidez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!