«Horregatik gaitzesten dugu Paulino Luesmaren jarrera, Udalon erabakiak hartzeko autonomia urratzen ari delako»

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 28a, 02:00

Hernaniko Udalak Presoen Batzordea sortu du eta Elorriokoak Errepresaliatuen Batzordea. Paulino Luesma Gobernadore Zibilak erabaki horien aktak eskatuko dituela iragarri du, eta bi udalek prentsa oharra kaleratu dute.

Uztailaren 12ko plenoak erabaki zituen aurtengo Udal Batzorde informatzaileak zeintzuk izango diren, eta horien artean Presoen Batzordea da bat. Paulino Luesma Gobernadore Zibilak erabaki horren eta Elorrion Errepresaliatuen Batzordea sortzeko erabakiaren inguruko aktak eskatuko dituela iragarri du, batzorde horiek sortzeko erabakiaren kontrako neurriak hartzeko asmoz. Erabaki honen inguruan prentsa oharra kaleratu dute Hernaniko eta Elorrioko Udaleko Gobernu Taldeek.

Udalon autonomia
Gobernu taldeak bidalitako oharrak zenbait puntu biltzen ditu. Horrelaxe dio:

 ´Eusko Abertzale Ekintzak beti defendatu du Udalen autonomia, eta defendatzen jarraituko ere. Udalak dira herritarrengandik gertuen dauden instituzioak, herritarren gertuko beharrak asetzen eta interesak babesten ahal dituzten instituzioak, eta horien defentsa egingo dugu beti, instituzioek herritarren zerbitzura egon behar dutela uste dugulako, ez alderantziz`.
     ´Horregatik gaitzesten dugu Paulino Luesmaren jarrera, Udalon erabakiak hartzeko autonomia urratzen ari delako. Aspaldiko eztabaida da hori, eta Luesmak ere jakingo du zerbait horretaz, unean uneko agintarientzat gogoko ez diren neurriak goitik, dekretu eta mehatxu bidez, ezabatzeko funtzioa izan baitu, sortu zenetik, Gobernadore Zibilaren karguak. Udalek hartzen dituzten erabakiak agintarien gogoko ez direnean, hor dago Gobernadore Zibila, gauzak Erregeren, Kristoren edo Estatuaren bidera ekartzeko`. 

 ´Bestetik, ez dugu ulertzen zertara datorren orain, kontu honekin, alarma piztu behar hau, ez bada PSOEk hautsak harrotu nahi dituela, PP bera baino peperoago agertzeko. 1999an Hernaniko eta Elorrioko Udalek jada sortu zuten `Presoen Batzorde` bat, lau urtez normaltasun erabatekoz lanean aritu zena, eta 2003an jarraipenik eduki ez zuena, orduko udal ordezkariek sortu nahi izan ez zutelako.
     ´Eusko Abertzale Ekintzak sortze beretik du babesik gabe dauden herritarrenganako kezka. Hala emakumeengana, gazteengana, etorkinengana, baztertuengana, edo presoengana... gerturatu eta haien kezka eta beharretan laguntzeko borondatea izan dugu beti. Ezin du bestela izan. Eta Udalek ez ote dute beren herritarrengandik kezkatu behar? Beste aldera begiratu behar ote dute arazoen aurrean?`
     ´Arazoak konpontzeko gaude, ez beste aldera begiratzeko. Eta uste dugu arazo benetan larria bizi dutela, egun, kartzeletan dauden pertsonek: tratu txarrak, muturreko egoerak, babes sozialik gabe, instituzioetatik baztertuta, kartzelazainek iraindu eta jazarriak askotan... Kartzeletan dauden Hernaniko eta Elorrioko bizilagunengatik kezkatuta gaude, eta kezka horri bide egiteko sortu ditugu batzorde horiek. Ez al da zilegi gure herritarren eskubideengatik arduratzea?`
     ´Denontzat hobe litzake Paulino Luesmak eta berak ordezkatzen duen Estatuak ere kezka berak izango balitu, eta benetan beharrean daudenak laguntzeko borondatea edukiko balu, ez dauden lekuan mamuak harrapatu nahian ibili beharrean`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!