Presoen eskubideak aldarrikatuko ditu Etxeratek Gudarien plazako Kontzentrazioan gaur eta N-1 errepidean bihar

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 27a, 02:00

Gaur kontzentrazioa izango da 20:00etan plazan. Bihar 12:00etatik 13:00etara errepideetan izango da zita.

Etxerat elkarteak zenbait ekintza antolatu ditu Euskal Preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko. Gaur, hileko azken ostirala izaki, kontzentrazioa deitu dute, 20:00etan Gudarien plazan. Estatus politikoa orain, euskal presoak Euskal Herrira da kontzentrazioaren lema. Etxeratek salatu du euskal preso politikoak bizi baldintza gogorrenetan dauzkatela, bakartuta eta urrun diren kartzeletan ´dena debekatuta, interbenituta ala murriztuta dutela, lau pareta artean`. PSOE eta UMPk presoak horrelako baldintzetan dauzkatela dio Etxeratek ´eta neurri krudel horiek ondorio larriak dakartzate, ondorio fisiko eta psikiko larriak, besteak beste. Hala eragin dizkiete momentu hauetan preso dituzten gure 12 senide euskal preso politikori`, salatu du.

Angel Figeroaren kasua
Etxeratek Angel Figeroaren kasua azpimarratu du: ´kartzelako tentsioaren ondorioz, epilepsi krisi etengabeak jasaten ari da. Eta egoera ezin larriagoa amaitzeko, beste behin ere, jateari uko egiten hasi behar izan du`. Kondenak baldintza horietan eta oso-osorik bete arren, presoak ez dituztela askatzen ere salatu du Etxeratek, eta ondorio txarrak presoentzat eta hauen senideentzat direla ´jasaten ari garen istripu andana horren erakusle`. Etxeraten iritzian neurri politikoak dira horiek guztiak, ´etekin politikoak lortu asmoz baitituzte indarrean`. Kondena beteak eta gaixo larriak askatzeko eskaria Etxeratek gaurko kontzentrazioan eskatuko du gaixotasun fisiko eta psikiko larriak dituztenak eta kondena betea dutenak askatzeko, eta Euskal Presoak ´dagozkien eskubide guztien jabe izanik` Euskal Herrira ekartzeko.

Bihar errepidean
Bihar, larunbata, Etxerat elkarteak N-1ean eskatuko du Euskal Presoak Euskal Herriratzeko. Hernanikoak Billabonako sarrera aurrean jarriko dira. Bertara joateko zita, 11:00etan Atsegindegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!