Katarroa harrapatzeko beldurrik ez

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 27a, 02:00

‘Bota ura, bota ura, e, e!’ oihukatzen ehundaka umek kaxkoko kaleak hartu eta alaitasunez eta algaraz bete zituzten. Haurrek ederki baliatu zuten atzoko eguna plisti-plasta ibiltzeko, eta begiraleek eta herritar batzuk ere ‘uholde’aren eragina jasan zuten.

Blai eginda bukatu zuten atzo eguerdian udaleku irekietako haur eta begiraleek. Ur festa egin zuten kaxkoko kaleetan barrena, eta baldeka, mangeraz, edo botilekin, kaleko dendari eta bizilagunek ederki busti zituzten haurrak, hauek asetzea ezinezkoa izan zen arren. Plazan hasi zuten ibilbidea gaztetxoek, eta han bertan, udaletxetik, bota zieten ur pixka bat. Potoloena hala ere Kardaberazen eta Kale Nagusian jaso zuten, batez ere Nagusian, Plaza Berritik Nafar kalera artean. Bertan kalea hartu zuten umeek eta balkoietatik ezezik, dendetatik ere bota zuten ura mangerekin norabide guztietan, haurren gozamenerako. Istripuz busti zuten herritarren bat ez zen, akaso, horren gustora izango. Nafar kalean barrena, Atsegindegin bukatu zuten ibilbidea, toalla lehor bat hartzeko gogoz.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!