Santio Egunarekin fuerte hasiko dira gaur Aranoko jaiak, bertsolari eta herri kirolekin

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 25a, 02:00

Santio Eguna da gaur eta Aranoko jaietan egun pasa egiteko plan ederra izango da. Astigarragan egun guztiko jaia dute eta gauean Tapia eta Leturia izango dira.

Atzo hasi ziren Astigarragako Santio Jaiak eta gaur Aranori iritsiko zaio txanda. Fuerte hasiko dira gaur Aranon Santioak, suziria, pelota partidua, herri kirol erakustaldia eta arratsalde partean bertso saioa izango baita. Etxaferoa eguerdiko 12:00etan botako dute udaletxeko balkoitik, eta poteoa egin ondoren, Aranon ohitura den Goizueta eta Arano arteko pelota desafioari ekingo diote. Aranotik Gaskon eta Legarreta bikotea ariko da eta Goizuetatik Zabaleta eta Narbarte. Eguerdiko 12:30etan hasiko da. Segidan herri kirolak izango dira. Alde batetik aizkolariak ariko dira, Donato Larretxea eta Floren Nazabal profesionalak eta Ruben Saralegi eta Harkaitz Olano aizkolari gazteak. Egunari errematea bertso saioak emango dio, Sustrai Kolina, Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirrerekin. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da.

Bazkari txartelak
San Joakin eta Santa Ana egunean, bihar, bazkaria izango da Kontzeju ostatuan. Jubilatuei jakinarazi diete egun horretako bazkarira joateko zerrendak herriko tabernetan jarri dituztela. Bestalde, larunbateko oilasko jaterako txartelak herriko tabernetan jarriko dira salgai. Astigarragan ere bai Astigarragan ere festetako egun haundia izango da gaur, Santio eguna astigartarrentzat ere bai baita. Goizean aulki jokoa, txistulariekin diana, meza eta hegazti harraparien erakustaldia izango dira. Arratsalde eta gau partean, Astigar taldearen dantza saioa, Perlas y Plumas ikuskizuna, txaranga eta Larrain dantza izango dira. Gazte Asanbladak antolatuta, aldiz, antzerkia eta karaokea izango dira txosna gunean. Atzo umeentzako ekitaldi ugari izan ziren Astigarragan, txupinazo txikia ere egin zuten jaiei hasiera emateko eta eguerdian haur guztiak bazkaritarako bildu ziren.

Gaur Aranon

  • 10:00: Diana dultzainarekin.
  • 11:00: Meza
  • 12:00: Udaletxeko balkoitik jaiei hasiera emango dien suziria bota da. Ondoren poteo herrikoia izango da.
  • 12:30: Ohiko pelota partidua Arano eta Goizuetako afizionatuen artean.
  • 18:00: Herri kirolak.
  • 19:30: Bertsolariak. Sustrai Kolina, Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre.

Gaur Astigarragan

  • 07:30: Aulki-jokoa eta txokolate-jana dultzaineroek alaituta Foru plazan.
  • 09:30: Txirriskla txistularien diana.
  • 11:00: Meza nagusia Santiago ermitan.
  • 11:30-13:00: `Las águilas de Valporquero` hegaztien
    exhibizioa Foru plazan.
  • 12:00: Jatorrenak
    txarangaren irteera.
  • 18:00: Astigar dantza taldea frontoian.
  • 19:30: `Perlas y Plumas` Los Gingersen ikuskizuna J.Barandiaran plazan eta euria eginez gero, kiroldegian.
  • 20:00: Jatorrenak txarangaren irteera.
  • 23:00: Antzerkia txosnen gunean.
  • 23:30: Larrain-dantza herrikoia, Foru plazatik Joseba Barandiaran plazara.
  • 00:30-02:30: Tapia eta Leturia Joseba Barandiaran plazan.
  • 02:00: Karaokea txosnen gunean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!