Gaur hasiko dira Astigarragako Santio jaiak Astigarte elkarteari omenaldia eginda

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 24a, 02:00

Gaur hasi eta igandera arte iraungo dute Astigarragan Santioek. Hernaniko Ania bakarlaria izango da gaur Gazte Asanbladak antolatuta, gaueko 23:30etan, txosna gunean.

GAUR hasiko dira ofizialki Astigarragako Santio jaiak eta igandera arte luzatuko dira, etenik gabe. Gaurko ekitaldi nagusiak arratsaldeko 19:00etan Udaletxeko balkoitik botako den txupinazo nagusia eta Astigarte elkarteko kideek irakurriko duten pregoia izango dira. Astigarte 27 urte martxan daramazkien kultur taldea da, eta gaur egun pintaketan oinarritzen da beren jarduna. Elkarteko ikasleetako asko hernaniarrak dira. Ekitaldi nagusia arratsaldean izango bada ere, eguerdiko 12:00etatik aurrera hasiko dira ekitaldiak, haurrei zuzendutakoak. Ordu horretatik aurrera txupinazo txikia eta haurrentzako jolasak izango dira, eta ondoren tailerrak. Arratsalde-gau partean Gazte Asanbladak bere txupinazoa botako du txosna gunean eta gauean, leku berean, Ania Hernaniko bakarlariaren emanaldia izango da. Abiba diskojaiarekin dantzarako aukera izango da, J.Barandiaran plazan. Gauerdian, berriz, ohitura den bezala, Santio ermitako kanpaien errepika izango da Xaguxar taldearen eskutik.

Gaurko Egitaraua

  • 12:00: Txupinazo txikia udaletxeko balkoitik eta haurrentzako jolasak
    Foru plazan.
  • 14:00: Haurrentzako bazkaria
    Foru plazan.
  • 16:00-18:00: Haurrentzako
    itxuraldatze tailerrak Foru plazan: tatuajea, ile-apaindegia...
  • 18:00: Txokolate-jana
    Foru plazan.
  • 19:00: Txupinazo nagusia
    udaletxeko balkoitik. Astigarteko
    kideek pregoia irakurriko dute.
  • 19:15: Erraldoi eta buruhandien
    kalejira Txirriskla taldeko txistulariek lagunduta.
  • 20:30: Gazteen txupinazoa eta txosna gunearen irekiera.
  • 23:30: Ania bakarlariaren kantaldia txosna gunean.
  • 23:30-03:30: Abiba diskojaia
    J.Barandiaran plazan.
  • 00:00: Santiago ermitako kanpaien errepika Xaguxar taldearen eskutik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!