Bi pelota partidu interesgarri ikusi ahal izan ziren atzo kiroldegiko frontoian; Hernaniko lauterdiko txapelketako bi final aurreko, alegia. Nagusietan Oiaga sailkatu zen, Erroizeneari 22-10 irabazita, eta jubenil mailan Esnaola, 22-11 irabazita Otaegiri.
Oiagak partidu borobila
Nagusi mailan Josu Oiaga da lehen finalista, eta datorren asteazkenean Alvarez eta Ojuelen artean irabazten duenaren kontra jokatuko du. Batak edo besteak majo izerditu beharko du txapela irabazteko, CD Hernaniko aurrelariak atzo bezala jokatzen badu. Defentsan sendo eta erasoan zorrotz, Oiagak ez zion aukerarik eman Erroizeneari atzo. Erdialdera arte nahiko parekatua joan zen partidua (9-8 izan zen markagailua), baino une erabakiorrean Garikoitzek ez zuen asmatu, eta Oiagak abantaila hartzea ekarri zuen horrek. ´Toki guztietatik saiatu naiz, baina ezin nion tantoa sartu. Burua jan dit Josuk` zioen Erroizeneak aldageletan. Oiagak, berriz, ´uste baino hobeto` aurkitu zuen bere burua eta finalerako arerioaren zain geratzen da: ´Alvarez edo Ojuel, edozein izan daiteke. Biak daude ondo`.
Jubeniletan, Otaegik hasiera txarraren zama jasan zuen
Jubeniletan, Eñaut Esnaola eta Aritz Otaegi izan ziren aurrez aurre, eta zaharrenak, Esnaolak, irabazi zuen, 22-11. Hasieran Otaegi arriskatzera joan eta pelota dezente galdu zituen, 9-2 atzetik jarrita. Gero, saiatu zen arren ezin izan zuen erremontatu. Esnaolak abantaila mantentzearekin nahikoa izan zuen eta Arrieta-Aizpitarte partiduko irabazlearen kontra jokatuko du larunbateko finalea: ´Hori partidu polita baino zaila izango da` esan zuen partidu bukaeran Esnaolak. Otaegi, berriz, pozik zen, pelotari zaharragoren bati irabazi eta maila polita erakutsi duelako txapelketan: ´Pena gaurko hasiera hori. Abantailarekin jokatzeko aurrean arriskatzera joan naiz, baina gaizki atera zait. Hurrengo urtean izango da` zioen. Asteazkenean 17:00etan jokatuko dira beste bi finalistak erabakiko dituzten partiduak: jubeniletan Arrieta-Aizpitarte, eta nagusietan, Alvarez-Ojuel.
Mendizabal IIk bosgarrena ere irabazi Zornotzan
Oier Mendizabalek bosgarren partidua irabazi zuen jarraian, larunbatean Zornotzan. Bera eta Retegi Bi 22-19 gailendu ziren Saralegi-Rairi. Hurrengo partidua asteazkenean izango du Etxebarrian, 17:00etan: Unanue-Iza/Arretxe II-Mendizabal II.
Gorrotxategi Errenterian txapeldun
Aitor Gorrotxategik Errenteriko txapelketako finala irabazi zuen atzo arratsaldean, Mendizabalekin batera. Finalean 22-8 irabazi zieten Epelde-Legarretari.