«Oso prestua naiz, eta prestua denak oztopoak gainditzea lortzen du»

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 22a, 02:00

Isabel Reyes kubatarra da eta duela lau urte etorri zen Hernanira, Kardaberaz kalera. Soin Heziketako irakaslea bere herrian, gaur egun Sagastialdeko pistan laguntzen aritzen da haurren entrenamenduetan. Baina ez hori bakarrik, CD Hernaniko mailu jaurtilaria ere bada eta pixkanaka markak hobetzen ari da, etorkizunean munduko txapelketan parte hartu ahal izateko. 25,69 metroko marka jarri berri du joan den asteartean.

Joan den asteartea. Sagastialdeko pistan. Hogei bat gazte jaurtiketak egiteko prestatzen ari dira. Parte hartze libreko txapelketak antolatu dituzte, mailu jaurtiketa modalitatean, eta Bidasoa, Scania Pamplona eta beste klub batzuetako atletak hartuko dute parte, Hernanikoekin batera. CD Hernanik bi jaurtilari ditu prest; batetik Servando Rivas jubenila, eta bestetik, antolatzaileekin hitz egiten eta etxean bezala dagoela dirudien emakume bat, Isabel Reyes.

Jaurtilari baina lehenago, hezitzaile

Behin Sagastialden haurrak ikusi zituen entrenatzen Reyesek eta CD Hernaniko entrenatzaileei laguntzen die ordutik. Geroago, beteranoen munduko txapelketa jokatu zen Donostian eta baita Hernaniko pistan ere, eta lanean aritu zen Isabel, bolondres. Orduan piztu zitzaion konpetitzeko gogoa kubatarrari eta mailua jaurtitzeko aukeran pentsatu zuen, benetan: ´parte hartzaileen ilusioak harrapatu ninduen eta pentsatu nuen nik ere egin nezakeela hori. Pello Errasti entrenatzailearekin hitz egin eta hasi egin nintzen, pixkanaka`. Isabelek betidanik izan du kirolarekin lotura, baina konpetizioan pausu gutxi eman ditu: ´Ni soin heziketako irakaslea nintzen Kuban. 16 urterekin, Fajardo kirol eskolan hasi nintzen ikasten, eta kirol ezberdinetako teknikak ikasi nituen. Boleiboleko entrenatzaile ere izan nintzen, talde on bat eginda gainera. Baina konpetitu gutxi. Gaztetan bai, edozertan, oso prestua naizelako, eta horrek oztopoak gaindituarazten dizkizu. Baina gero ez nuen serio konpetitu, prestakuntzara bideratu nuen nire karrera` .

Urtebete inguru jaurtiketan

Isabel Reyes CD Hernaniko mailu jaurtilaria da gaur egun, beterano mailan, eta urtebete daramaki entrenatzen eta probetan parte hartzen. 25,69 metroko jaurtiketa egin zuen joan den asteartean Sagastialden, bere markarik onena: ´Pozik nago marka asko hobetzen ari naizelako. Hasi nintzenean 10 metro botatzea nuen helburu, pentsa. Gainera, lortu dudana agobiatu gabe lortu dut, eta horrek ere asko betetzen nau`. Aurrerantzean, bere helburua munduko txapelketan parte hartzea da: ´Horretarako 29 edo 30 metro bota behar dut. Hori botatzen duenik ez dago gaur egun estatuan, baina hori da mundialerako minima` dio. Hori lortzeko gogor entrenatzen da Reyes, egunero: ´Arratsaldero etortzen naiz Sagastialdera eta hamar jaurtiketa egiten ditut, bost beroketa moduan eta bost a muerte. Mailu jaurtiketan teknika asko nahasten dira (besoen postura, giroak, indarra...) eta denak menderatzea ez da erraza. Hori hobetzen saiatzen naiz hemen (Sagastialden)`. Horrez gain, pisuko mailuarekin jaurtitzen hasteko asmoa du Reyesek eta beste teknika bat ikasi beharko du horretarako: ´Ondo etorriko zait hori giharrak lantzeko eta baita ere baten prestaketak bestearentzako balioko didalako` dio kubatarrak.

Espainiako txapelketan bigarren

Reyesen esanetan, asteartean egin zuen marka Espainiako txapeldunak daukanaren gainetik dago. Ekainaren bukaeran Aguilasen (Murtzia) jokatu zen Espainiako txapelketan, berriz, ezin izan zuen irabazi eta bigarren izan zen. Hemengo fitxa eta etxebizitza baimena dituen arren, ez zioten dominarik eman, gainera, espainiar nazionalitatea ez duelako. Ez zaio asko inporta, hala ere, eta nahiago du buelta gehiago ez ematea: ´Niretzat marka eta postua dira garrantzitsuenak, eta horiek badauzkat. Kirola ez da gai hauekin nahastu behar; ni gaizki jartzen naiz`. Reyesek lortu ditu, dena den, hainbat domina urtebete honetan: ´Zilarrezkoa baliotsuena, baino niretzako garaipen haundiena marka hobetzen jarraitzea da`. Domina lortzeko eta marka hobetzeko, bietarako aukera izango du Isabelek abuztuaren 11n Durangon, han izango baitu hurrengo proba.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!