Udako joan-etorriak

Kronika - Erredakzioa 2007ko uzt. 22a, 02:00

Nabari da udako oporrak Hernanira ere iritsi direla, beste denboraldi batzuetan baino askoz ere lasaiago baitago herria. Baina jendea ez da Hernanitik kanpora joaten soilik. Kanpotik ere etortzen dira atzerritarrak gure herria ezagutzera.

Bakarrik, lagunekin, bikotearekin edota familiarekin bidaiatzen du jendeak. Kontua herritik irtetea da, egun batzuetarako leku, giro eta jende desberdinez gozatzeko aukera izatea.

FAMILIAN BIDAIATZEA

Agurtzane Goñi Ergobiakoa da, eta Pako Mendizabal donostiarra. Baina urteak dira Hernanin bizi direla. Uda honetarako bidaia pare bat prest dituzte jada. Oporraldiak lasai egoteko eta leku berriak ezagutzeko aprobetxatu nahi dituzte. Lehenengo, lau-bost egun Pragan igarotzea erabaki dute, biak bakarrik. 3 seme gazte dauzkate, eta beraien hitzetan, `oso zaila da 3 haurrekin mugitzea. Eta gu biok bakarrik oporretara joan ahal izateko 3 umeez arduratuko den norbait bilatzea ere ez da erraza izaten. Baina azken 12 urteetan ez gara biok bakarrik oporretara joan, eta aurten, elkarrekin gabiltzala 25 urte betetzen direnez, bidaiatzeko garaia bagenuela erabaki dugu`. Agentzia baten bitartez hartu dituzte hegazkineko txartelak eta hoteleko erreserbak. Praga aukeratu dute `aspaldidanik pendiente` zuten bidaia bat zelako. Egun gutxitarako doazenez, nahiko gertu zegoen hiri batera joatea erabaki zuten. Horrez gain, jakina da garagardo onak dituztela, eta hizkuntza desberdinak ere erakartzen ditu Pako eta Agurtzane. Dagoeneko hasi dira Txekiako hiriburuko planoak eta informazioa begiratzen. `Bisitatzen dugun tokia gure kontura ezagutzea gustatzen zaigu, baina horretarako aurrez ongi informatua egon beharra dago`, azaldu du Pakok. Agurtzane berriz, gehiago arduratzen da etxekoen plangintza antolatzen: haurrak norekin utzi... `Pixkanaka Europako hiriburu gehienak ezagutzea` gustatuko litzaiekeela azaldu dute, eta lan-ordutegiak eta opor-egunak bat etortzeko arazo handirik izaten ez dutenez, aukera hori ez dutela galduko asmo hori betetzeko. Baina noski, haurrek ere izaten dute kanpora irteteko gogoa, eta familia osoarentzako bidaia ere prestatu dute. Asierrek, Beñatek eta Markelek azaldu digutenez, Asturiasen astebete pasako dute, `familia osoak lagun batzuekin`. Gurasoek Asturiaseko hondartzak, mendiak eta sagardotegiak bisitatu nahi dituzte, baina badirudi etxeko gazteenak ez daudela mendi-irteerak egitearen alde... `Nahiago dugu hondartzan bainatu eta futbolean aritzea!` Baina, desadostasun txiki horien gainetik, ziur ederki pasako dutela Asturiasen.

POLONIATIK LEHENGUSUARI BISITAN

Eta hernaniarrak oporretan atzerrira joaten diren bezala, hilabete hauetan atzerritar dezente etortzen da Hernanira. Magdalena Sobiak 21 urte dituen gazte poloniarra da. Witaszyce herrian jaio zen, baina azken hiru urteetan Wroctaw-en bizi da, Harreman Internazionalak ikasketak egiten ari den lekuan. Unibertsitatean hasi zen gaztelera ikasten, hizkuntzak ondo baitatozkio ikasketetarako. Bere lehengusina Kasia Hernanin bizi denez, lehengo urteko udan hona etorri eta aurtengoan, bidaia errepikatu du. Dagoeneko hasi da Donostiako EPA zentroan, gaztelaniako klaseak jasotzen. Horrez gain, pentsio batean lanean ari da, nahiz eta zerbitzari gisa aritzea nahiago lukeen. Euskaraz hitz batzuk ere ikasi ditu jada, baina oraingoz, nahikoa du gaztelerarekin. Kasia lehengusinak esan dionez, `euskara ikastea poloniera ikastea baino errazagoa da`, eta agian, hurrengo urtean animatuko da Magda euskara ikastera. San Joanak hasi zirenerako etorri zen Magda Hernanira. Lehengo udan ere Hernanin izan bazen ere, aurtengoan ezagutu ditu gure herriko festak. Izugarri gustatu zaizkiola aipatzen du: `Poloniako festetan izaten diren baino jai-egun gehiago dauzkazue hemen, eta ez nuen sekula herri bateko jende guztia elkarrekin kalean ikusi! Gainera, oso dibertigarriak dira hemengo jaiak, jendea kalean ibiltzen da, tabernaz taberna. Parranda baten ostean hanketako minez egotea ez nuen ezagutzen! Polonian, taberna batean eserita orduak pasa ditzakegu`. Bertako jendeari buruzko kexurik ere ez du Magdak. Euskaldunak oso irekiak, atseginak eta majoak iruditu zaizkio. Poloniarrei gehixeago kostatzen omen zaie irekitzea. Baina gauzak nola diren, Euskal Herriraino etorrita poloniar dezente ezagutu omen du lantokian. Asko harritu zela aipatu digu, udan Poloniatik Irlandara edo Ingalaterrara joateko ohitura handiagoa baitute. Eta poloniarrek jatun ona izatearen fama dutenez, Euskal Herriko gastronomiari buruz ere galdetu diogu Magdari. Poztu egin da hemen Polonian baino arrain gehiago jaten dugulako, asko gustatzen baitzaio, eta Polonian garestia izaten baita. Haragiarekin berriz, arazo gehiago izan ditu: `Normalean gutxi egindako haragia jaten duzue, odola dariola dagoena, eta hori ezin dut ikusi ere egin!`. Edariari dagokionez, Magdaren ustez, orokorrean hemengoak Poloniakoak baino leunagoak eta gozoagoak dira. `Nire herrian garagardoa edatea gustatzen zait, baina hemen mota desberdin gutxi daude, eta gainera, ez dira oso onak. Limoiarekin edan behar izaten dut bertako garagardoa!` Orokorrean, oso gustura dabil Magda Euskal Herrian. Aurten Iruña bisitatzen egon dela esan digu. Lehengo urtean paraje dezente ezagutu zituen eta aurtengorako txango batzuk prest ditu. `Bertako herri eta parajeak asko gustatzen zaizkit. Noski, Polonia nire herria da eta beti gustatuko zait eta maitatuko dut gehiago. Baina egia da hemengo parajeak ere ederrak direla, eta egia esan, Euskal Herriko festak nahiago ditut!`.

ESTATU BATUETATIK HERNANIRA

Lisa Luna eta Ben Rogers berriz, Estatu Batuetatik etorri dira. 16 eta 17 urte dituzte hurrenez hurren, eta Albuquerquekoak (Nueva Mexico) dira. Lisa Hernaniko familia baten etxean dago, eta Ben berriz, Donostiako familia baten etxean. Donostiako Barandiaran institutuko ikasle batzuekin trukaketa egin dute; lehengo urtean euskaldunak izan ziren Estatu Batuetan, eta aurtengoan, eurak etorri dira bisitan. 12 ikasleko taldeak 6 aste igaro ditu bertan. Lehenengo 3 asteetan Madrilen izan dira, eta azken 3 asteetan berriz, Hernanin eta Donostian. Hernaniko taberna batean elkartu gara, eta Lisa urduri xamar etorri da. `Nik ere kazetari lanak egiten ditut nire institutuko egunkarian, eta arraroa egiten zait galderak niri egitea!`. Kontatu digutenez, hainbat desberdintasun nabaritu dituzte Alburquerqueko eta Hernaniko bizimoduan, baina oso gustura daude. Horren gustura daudenez, gainontzeko taldekideak etxera itzuli diren arren, beraiek hemen geratu dira, egun batzuk gehixeago igarotzeko. Hauek ere San Joanak ezagutu dituzte, eta bertako giro paregabea azpimarratu dute: `Hemen jendea kalean ibiltzen da, parrandan, baita gauean zehar ere. Guk ez ditugu jaiak kalean ospatzen. Normalean lagun arteko festak egiten ditugu, adiskideren baten etxean`, azaldu digu Lisak. Bertako jendearekin ere oso gustura sentitu dira. Lehenengo aldia da Euskal Herria bisitatzen dutela, eta jendea `oso atsegina eta sinpatikoa` iruditu zaie. Gainera, ez dute hizkuntzarekin batere arazorik. 5-6 urte daramatzate eskolan gaztelera ikasten eta primeran moldatzen dira. Eta euskaraz ere hasi dira ikasten. `Lehengo urtean, hemengoak gure etxeetara etorri zirenean, espainolak zirela uste genuen, eta euskaraz hitz egiten entzun genituenean kezkatu egin ginen. Ez genien ezertxo ere ulertzen! Gero azaldu ziguten euskaraz ari zirela, eta ez gazteleraz`, gogoratu du Lisak. Janariarekin ere primeran moldatu dira. `Hemen gehiago bazkaldu eta gutxiago afaltzen duzue, baina oso janari ona duzue! Niri ogia izugarri gustatu zait, ez baikaude hemengo ogia jatera ohituta, eta baita kroketak ere!`, dio Lisak. Ben ere bertako janariaz gozatzen ari da, baina, gustatu ez zitzaion zerbait gogoratu du: `sagardotegi batean izan ginen, sagardoa nola egiten den ikusteko, eta bazkalorduan antxoak atera zizkiguten. Ez zitzaizkigun batere gustatu!` Sagardotegiaz gain, hemengo hainbat txoko ezagutu dituzte: Hondarribia, Zarautz, Iruña, Bilbo, Pasaia, Lasarte... Ben Nafarroako herri txiki batean ere izan da, bere familiarekin `baserri batzuk ikusten`. Paraje hauek ere izugarri gustatu zaizkie, hondartza batez ere. Izan ere, beren herria `desertu bat da, oso lehorra`. Baina mendi-irteerak, politak izan badira ere `nahiko neketsuak` izan direla aipatu dute. `Hemen toki guztietara oinez joaten zarete. Guk berriz, 16 urterekin gida-baimena ateratzen dugu, eta normalean autoa erabiltzen dugu edozein tokira joateko`, azaldu digu Benek. Nekeak neke, ederki pasatzen ari dira, eta ez dute etxera itzultzeko gogorik. Beraz, ordura arte, ongi ibili!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!