oporretan direnek edo tarteren bat libre dutenek badute plana asteazkenetik igandera, Aranoko Santio jaietan. Asteazkenean suziria piztu eta poteoa egin ondoren, Gaskon-Legarreta aranoarrek Zabaleta-Narbarte goizuetarrei jokatuko diete Arano-Goizueta partidu klasikoa. Herri kirolen ondoren, bertsolariek emango diote bukaera egunari, Aranora nahikoa buelta egiten dutenak gehienak: Kolina, Lujanbio, Irazu eta Agirre izango dira. Osteguna Jubilatuen eguna da, San Joakin eta Santa Ana. Eguneko festa izango dute ia erabat: diana, meza, hamaiketakoa, pelota partiduak eta bertso bazkaria, urtero bezala, Lazkano eta Agirrerekin (bazkarira joateko herriko tabernetan jarriko da izena emateko zerrenda).
Egitarau bete-betea
Sega apustua izango du nobedadeetako bat aurtengo jai egitarauak. Ainhoa Ansa eta Ixabel Ansa aranoarrak eta Zaldibiko Almitza elkarteko segalariek emango dute erakustaldia Suro auzoko barrutietan, arratsaldeko 19:00etan. Ondoren ohizko mus txapelketa azkarrak 25garren edizioa izango du, San Roke elkartean. Larunbatean Aranoko produktuak dastatzeko aukera izango da: gazta, sagardoa, txakolina, tartak eta beste hainbat produktu; eta herriko artisauen lanak ikusi ahal izango dira mokadu eta trago artean. Arratsaldean herriko pelota txapelketako finalak izango dira, eta ondoren meza nagusia. Gauean oilasko jatea eta dantzaldia goizaldera arte. Igandean umeen eguna izaten da eta pelota partiduak, Gorritiren Showa, txokolatada, toka eta abar izango dituzte. Festaz gozatzeko bost egun bete-beteak dituzte, beraz, aranoarrek eta bertara inguratzen direnek. Iaz bezala, Konzeju Ostatuan ere prestatu dira festetarako Emaitz eta Enkarni, eta betizu haragia jateko aukera jarri dute inguratzen den guztiarentzat. On egin!
Santioak. Egitaraua
Uztailak 25, asteazkena. Santio eguna
10:00: Diana dultzainarekin.
11:00: Meza.
12:00: Udaletxeko balkoitik Jaien Hasierako suziria botako da.
Ondoren poteo herrikoia.
12:30: Ohiko Pelota Partidua. Arano (Gaskon-Legarreta) eta Goizueta (Zabaleta-Narbarte).
18:00: Herri Kirolak. Aizkolariak: Donato Larretxea eta Floren Nazabal. Aizkolari gazteak: Ruben Saralegi eta Harkaitz Olano. Harri jasotzaileak: Joseba Ostolaza.
19:30: Bertsolariak: Sustrai Kolina, Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre.
Uztailak 26, osteguna. Jubilatu eguna
10:00: Diana.
11:00: Meza. Ondoren Hamaiketakoa Kontzeju ostatuan.
12:30: Pelota partiduak afizionatuen artean. Esnal-San Sebastian/Oiaga-Gorrotxategi.
14:00: Bazkaria Konzeju ostatuan, Imanol Lazkano eta Joxe Agirre bertsolariekin. Arratsaldean dantzaldia Jexuxen Jazbanak alaiturik.
Uztailak 27, ostirala
19:00: Segalariak. Almitza Elkarteko kideen eskutik sega apustu bikaina Suro auzoan.
22:30: 25. Mus Txapelketa azkarra ´San Roke` elkartean.
Uztailak 28, larunbata
12:00: Feria herriko plazan. Herriko produktuak dastatzeko aukera: gazta sagardoa, txakolina, tartak eta beste hainbat produktu. Herriko artisauek beraien lanak erakutsiko dituzte.
12:30: Patata Tortila lehiaketa.
17:30: Herriko Pelota Txapelketako finalak.
20:30: Meza.
22:00: Ohiko Oilasko jatea. Ondoren Izer eta Alabierrekin Dantzaldia goizalderarte. Goizeko 5etan Baratzuri zopa festan jarraitzen dutenek indarrak berritzeko.
Uztailak 29, igandea. Umeen eguna
10:00: Diana dultzainarekin.
11:00: Meza.
12:30: Pelota partiduak gazteen artean: Manterola-Elorza eta Zugarramurdi-Ansa.
18:00: Gorritiren Showa. Ondoren txokolatada.
20:00: Toka txapelketa. Kalejira Izer eta Alabierrekin.
Oharrak: Oilasko jateko txartelak herriko tabernetan jarriko dira salgai. Jubilatuentzat: San Joakin eta Santa Ana egunean bazkarira joateko herriko tabernetan jarriko da izena emateko zerrenda.
Ostiralean segalariak Suron, Aranoko festan aurten lehenengo aldiz
Ez omen dira gogoratzen Aranon sega apusturik izan denik, baina aurrerantzean berdin ez pentsatzeko motiboa jarriko dute aurtengo Santio festetan. Segalariak ariko dira ostiralean Suro auzoan, tartean aranoarrak ere bai, eta Almitza taldeko kideek oniritzia emanda, saila prest dago. Ostiralean, arratsaldeko 19:00etan.
Pentsatu eta egin. Aranon segalariak ikusteko aukera izango da aurtengo Santiotan, uztailaren 27an, ostiralarekin. Ainhoa Ansak Kronikari esan dionez, Aranoko jendeak parte hartzea zen lehenengo helburua, baina bera eta izeba (Ixabel Ansa) bakarrik animatu dira oraingoz eta azken orduko sorpresarik ezean, taldea beste herrietako segalariekin osatuko dute. Ebaki beharreko saila Suro auzoan dago, eta normalean festa Arano herrian bertan egiten bada ere, aurten ingurura ere zabalduko dute. Ostegun arratsaldean izan ziren Almitza taldeko Migel Mari Jauregi Altzo eta Tomas Aldasoro saila ikusten eta ez zioten aitzakiarik jarri. Gaur egun geroz eta gutxiago dira segan dakitenak, eta dakiten apurrak ere nekez ateratzen dira horrelako erakustaldi batean. Hori bai, Ainhoa Ansaren arabera, jendeari ostiralean parte hartu nahi duen galdetu dionez gero, segan inoiz baino jende gehiago ikusi du, irrikiak eraginda edo, beren burua probatzen.
Nazioarteko lanak
Nazioarte mailan egiten den lan modua egingo dute ostiralean Suron: emakumezkoek 5x7 metroko saila ebaki beharko dute, ahal den azkarrena eta txukunena. Gizonezkoek, berriz, 10x10 metroko saila. Azkartasunaz gain, belarra egoki ebakitzea ere puntuatzen da modalidade honetan, saila txukun uztea. Saio motz hauetan, jendea errazago animatzen da, lan esplosiboagoa izan arren, errazagoa baita. Almitza elkartearen bueltan, Euskal Herri guztiko segalari ugari biltzen da Altzok eta Aldasorok nabarmendu dutenez. Mutiletan aurten 35 bat elkartu dira eta nesketan beste 10 bat. Baina egun berezietan, jende pila haundiak ere elkartu izan dituzte, iaz Tolosan esaterako: 100 lagunetik gora aritu ziren segan, taldeka. Aranokoaz gain, segalariak han eta hemen ikusteko aukera izango da aurtengo udaran: hilaren 29an Arrasaten izango da erakustaldi berezia: futbol zelai zaharreko belarra segaz ebakiko baitute; abuztuaren 4an Andoaingo Goiburu auzoan ariko dira... eta abuztuaren 24-25ean Austrian izango dira nazioarteko txapelketak.
Nazioarteko txapelketak Austrian, abuztuan
Belarra den tokian segalariak izango dira, gutxi gehiago, orain makinak segari lekua kendu badio ere. Herrialde askotan sega kirola ere bada, Euskal Herrian bezalaxe, eta maila haundiko segalariak elkartu ohi dira (austriar, suitzar, tiroldar, eslobeniar...), Europan batipat. Urte biz bat jokatu ohi da buruz buruko nazioarteko txapelketa eta hurrengo urtean taldekakoa. Aurten buruz burukoaren txanda da, abuztuaren 24 eta 25ean, Austrian. Euskal Herrian sailkapen saioak egin dituzte eta 10 gizonezko eta 5 emakumezko sailkatu dira Austriarako. Sailkatuetako bat Ainhoa Ansa bera da. Txapelketa hauetara talde haundian joan ohi dira Almitza elkartearen bueltan, trikitilari, dantzari, inguruko... eta aurten ere ari dira prestatzen bertarako bidaia. Ostiraleko erakustaldia entrenamendu gisa ere hartuko du Ainhoa Ansak, herriko jendearen animopean, gainera.